"'Maus' itzultzea hizkuntzaren ospakizuna izan da"

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 14a, 17:00
Julen Gabiria, erdian, atzo Irakurri matteren saioan. Ondoan, Uxue Alberdi (Juan Luis Romatet)

Art Spiegelman komikilari estatubatuarraren Maus nobela grafikoa izan zuten atzo hizpide Irakurri matte taldearen saioan. Liburua euskaratu duen Julen Gabiria idazle eta itzultzailea saioan izan zen irakurle taldekoekin hizketan.

Komikigintzako mugarrietako bat da Art Spiegelman estatubatuarraren Maus nobela grafikoa. Pulitzer Sariaren irabazlea, euskarazko bertsioa plazaratu zuen 2022ko Durangoko Azokaren atarian Bilboko Astiberri argitaletxeak. Komikia euskarara ekarri zuen Julen Gabiria idazle eta itzultzailea izan zen atzo Zumaian, Irakurri matte irakurle taldearen saioan. Izan ere, Maus izan du aztergai Uxue Alberdik gidatzen duen taldeak otsailean.

Connemara gure bihotzetan, Han goitik itsasoa ikusten da eta Nire aita ikusezina da liburuen idazlea, Gabiria galdakaoztarrak itzulpengintzara bideratu du bere lana azken urteotan, eta bereak dira Ander Izagirre kazetari donostiarraren Beruna patrikan eta Amona eta beste hamar liburuen euskarazko bertsioak (Izagirreren Elkanoren herriari bira liburua itzultzen dabil gaur egun), baina komiki esanguratsu batzuk ere itzuli ditu, hala nola, Neil Gainmanen Coraline, Art Spiegelmanen Maus eta iaz argitaratutako Joe Saccoren Palestina.

Komikizale porrokatua ez izanda ere, komikigintzak azken urteotan beste kontsiderazio bat lortu duela eta salto bat bizi izan duela azaldu zuen Gabiriak. Mausen kasuan, nobela grafiko hau itzultzeko enkargua Astiberri argitaletxetik bertatik jaso zuela azaldu zuen, "Harkaitz Canoren bitartez". "Itzulpena egiten ari nintzela Astiberriko Javier [Zalbidegoitia, argitaletxeko editorea] eta Unai Iturriaga izan nituen buruan, bata edizio kontuengatik eta bestea hizkuntzaren erabilpenagatik", azaldu zuen itzultzaileak astearte arratsaldeko saioan. Maus komikira lehendabizikoz hurreratu zenean "hotzikarak" sentitu zituela ere adierazi zuen. "Saguen eta katuen kontu hori... gustatu zitzaidan, baina ohartu nintzen marrazkiei harreta gutxi jarri niela. Gero berriro hasi nuen, baina marrazkietan bakarrik jarri nuen atentzioa, eta gustatu zitzaidan. Marrazkiak eta kontakizuna uztartzeko lan handia egin zuen".

1980an hasi zen Spiegelman Maus komikia argitaratzen, printzipioz Raw aldizkarian. Gero, ordura arte publikatutako edukia bi liburukitan atera zuen, eta 1990eko hamarkada hasieran nobela grafiko gisa. Lan horrengatik jaso zuen 1992. urtean Pulitzer saria. "Komikietara orduan hurreratzen zen publikoa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Undergroundeko komikiak zeuden, superheroienak eta umorezko tirak. Maus atera zenean burmuin asko lehertuko ziren. Gainera, Holokaustoari buruzkoa zen eta publikoa orduan ez zegoen prestatuta. 

Izan ere, komikia bi istorio paralelo kontatzen ditu Mausek: batetik, egileak bere aita Vladekekin izan zuen harremana, eta bestetik azken honek Auschwitz kontzentrazio esparruan bizi izan zuena, handik bizirik atera zen eta Spiegelmanen aita Vladek. Gaia lantzeko eraz gain, nobela grafiko hau unikoa egiten duena pertsonaien karakterizazioa da: pertsonaiak animalia batzuekin identifikatzen ditu arraza edo nazioen arabera. Hala, Juduak saguak dira ("maus" alemanieraz), alemaniarrak katuak, poloniarrak txerriak, frantziarrak igelak, britainiarrrak arrainak, estatubatuarrak txakurrak eta abar. Gabiriaren arabera, komikian animaliak erabiltzea arrazoi bat baino gehiago dago: "Batetik, kontrakoak beti hartzen dira basati gisa. Gero, Spiegelmanek ez zuen gaitasunik pertsonaien aurpegiak marrazteko eta elkarren artean desberdintzeko. Baina, benetan, pertsonaia hauek ez dira animaliak, maskarak baizik". 

Komikiak ere badu berezitasun bat, eta da hizkuntzaren erabilera. Estatu Batuetan ateratako ingelesezko bertsioan, Vladekek, Ameriketara migratutako poloniarrak, akatsak egiten zituen hitz ingelesez hitz egiterakoan. Beste hizkuntzetara itzulitakoan, akats horiek gorde izan dituzte. Euskaraz ere hala egin du Gabiriak, eta akats horietan koherentzia bat mantendu nahi izan duela adierazi zuen. "Baina nola lortu koherentzia hori? Hemen, aditzak behartu ditut, baina koska bat bakarrik". "Gero, hau itzultzea hizkuntzaren ospakizuna izan da. Proiektuaren berri eman nuenean erantzun asko jaso nituen ea esamolde batzuk nola itzuliko nituen galdezka. Nik uste poza egon dela, bai irakurleen aldetik bai nire aldetik ere".

Aurreiritziak oraindik

Komikiek orduan zituzten aurreiritzien aurka ere borrokatu behar izan zuen. "Lehen liburukia atera zenean, 1986an, New York Times egunkariak fikziozko bezala katalogatu zuen. Spiegelman haserretu egin zen eta dei egin zuen esanaz ez zela fikziozkoa, bere aitarekin izandako harremana kontatzen zuela. Egunkarikoen erantzuna izan zen fikzioa zela: 'Zure etxera joaten bagara ez digu atea xagu batek zabalduko, ezta?'".

Komikik gero eta publiko zabalago batek irakurtzen badu ere, oraindik aurreiritzi horiek mantentzen direla nabarmendu zuten Gabiriak zein Alberdik. "Maus argitaratu zenean, eta orain Palestinarekin berdin, inongo kritikarik ez da agertu egunkarietan", esan zuen Gabiriak. Uxue Alberdi, berriz, argitaletxetara deitu zuen galdetuz ea zergatik ez ziren komiki horien kritikak agertzen. "Erantzuna izan zen hori ez zela literatura".

Lanak, baina, erantzun ona izan duela azpimarratu zuen. "2022ko Durangoko Azokan jarri zen salgai eta itzultzaile gisa aritu nintzen liburuak sinatzen. Adin guztietako erosleak izan ziren, 13 urteko gaztetxoengandik hasi eta helduak arte. Ondo saldu zen, eta orain Palestina hura baino hobeto saltzen ari da".