Olagarroaren zortzi erruak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 15a, 11:00

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren beka bati esker Zumaian sortu eta garatutako Olagarrua antzezlanaren estreinaldia izango da ostiral iluntzean Aita Mari aretoan.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programari esker sortutako Olagarrua antzezlana ikusteko aukera izango da etzi, ostirala, 20:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan. Zumaian egindako sormen prozesu baten emaitza da antzezlana. Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez daude antzezlan horren atzean. Haiek sortu eta ekoiztu dute, eta haiek aterako dira agertokira ere. "Benetako sorkuntza" prozesu baten emaitza bezala definitu dute antzezlana: "Hasieratik bagenekien benetako sorkuntza izango zela, ez zela izango aurretik zegoen testu batean oinarritutakoa", esan du Beobidek.

Iazko martxoan jakin zuten programa horrek ematen duen bekaren onuradunak izan zirela eta sormen prozesua Zumaian egin beharko zutela. Hala, ekainean herriko zenbait talderekin, kolektiborekin eta norbanakorekin elkartu ziren gaiaren berri emateko eta haien inpresioak jasotzeko. "Gure gaia azaldu genien, eta beraiei burura zer ekartzen zien ikusi genuen. Hausnarketa prozesu horretan dinamika jakin batzuk egin genituen: antzerki tailerrak, solasaldiak... Horien bidez joan ginen antzerkiak jasotzen dituen gauza pila bat biltzen", gogoratu du Perezek. "Obraren gaia errua da, eta haiek horren inguruan zer burutazio zituzten jakin nahi genuen", laburbildu dute sortzaileek.

Zumaiako gizartean egindako murgiltze hartan une politak ere izan zirela gogoan dute. "Hainbestetan aipatzen genuen errua, errua, errua, batek esan baitzigun: 'Baina zertaz ari zarete? Olagarroaren erruaz?'. Orduan ikusi genuen hemen, Zumaian, errua deitzen zaiola olagarroaren tentakuluari, erroari", azaldu du Arriolak. "Olagarroaren gaia oso polita da, eta sorkuntza Zumaian egin izan ez bagenu, ez zatekeen ideia hori aterako".

Lanketa haren ondoren hasi ziren inprobisatzen eta obra sortzen. Prozesuan Iraia Elias zarauztarra, Amancay Gaztañaga zestoarra eta Maialen D. Urriza izan dituzte lagun. "Beraiekin kontaktatu genuen, eta ideia asko gustatu zitzaien. Gaia eta estiloa gustatu zitzaizkien, eta sorkuntza seiron artean egitea adostu genuen. Gure inprobisazioekin eta beraiek botatzen zizkiguten premisekin joan gara sortzen obra, eta Maialenek gidoi gisa jaso du", argitu du Perezek. Kolaboratzaile gehiago ere izan dituzte: musika Pascal Gaignek sortu du, Arantza Heredia arduratu da argien diseinuaz eta Eva Rodriguez eszenografiaz.

Antzezlan bati zerotik ekiteak alde onak zein txarrak dituztela dio hirukoak. "Alde ona da ez zaudela itxitako zerbaiti lotuta, askatasuna duzula beste leku batzuetatik hitz egiteko. Horrek beti ematen ditu abantaila batzuk. Baina, aldi berean, helduleku batzuk edukitzea ere ondo dago. Horregatik dugu kanpo begirada bat", adierazi du Arriolak. Sorkuntza prozesua "erraza ez" dela izan ere onartu du Beobidek: "Sorkuntza ez da patinatzera joatea; ez dakizu izotza dagoen, ura den edo patinak dituzun. Hirurok, gainera, ez dugu inoiz elkarrekin lan egin, eta ausardia puntu bat izan dugu. Bertigo pixka bat sentitu dugu, baina plazer uneak ere izan dira".

Erruak arintzen

Gaia "potoloa" izanda ere, arintasun bat eman nahi izan diote obrari. "Erruak arintzea edo askatzea da helburua; erruaren pisuaz libratzea. Hori da gure helburua, dena emango dugu, aktore bezala konprometituko gara ikusleak aretotik hobeto ateratzeko", adierazi du Beobidek.

Zumaian estreinatu eta gero, Udalbiltzaren zirkuituari esker, beste hamabost herritan erakutsiko dute Olagarrua. "Bekari esker, herri txikietara edo kultur agenda oparoa ez duten herrietara iritsi ahalko gara. Horrek hainbat lekutara joatea baliatuko digu", esan du Perezek.

Antzezlanerako sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan eta online, sarrerakzumaia.eus webgunean, 6,20 euroan; 4,35 euroan gazte txartelarekin. Iluntzean bertan salgai egongo dira aretoko leihatilan.