Errioak gainezka egin du goizaldeko itsasgorarekin

Gorka Zabaleta 2024ko ots. 11a, 09:33

Errioak gainezka egin du goizeko bostak aldera, itsasgorarekin, eta putzuak sortu dira hainbat lekutan. Bideoan jaso ditugu irudiak.

Hainbat faktore batu dira gaur goizaldean urak gainezka egiteko: urteko itsasgora altuenetakoa (4,78m), itsasaldi bortitza (sei metro inguruko olatuak), eta atmosferako presio baxua (marea 25 bat zentimetro gorago). Goizeko bostak aldera urak gainezka egin du, eta Arranplatik erraz atera da moilako aparkalekurantz. Moilaren maila ere gainditu egin du urak olatuen laguntzarekin, eta bidegorriaino iritsi da. Ostarrena batelaren branka lehorrean ikusi dugu ia.

Zenbait estoldatatik ura ateratzen ikusi dugu, esate baterako, Julio Beobide pasealekuan, Kofradiako plazan eta Erribera kalean, eta putzuak sortu dira han eta hemen. Parolbideko petrilaren azpialdeko pitzaduretatik ere ura sartu da.

Axular ibiltokian putzu handia sortu da Zumaiena ondoan, eta Estazioko industrialdean ere bai. Karabana bateko erabiltzaileak esan digunez, bi karabana lekuz mugitu behar izan dituzte, urak inguratu ditu eta.