Erkiaga eta Ibarluzearen aurka jokatuko dute Goikoetxeak eta Lekerikak Winter Serieseko finala

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 6a, 16:00

Bart jokatu zen finalerdiko irudia. (Eraman!)

Erkiagak eta Ibarluzeak bi eta huts irabazi zieten atzo Olharan eta Del Riori Winter Series txapelketako bigarren finalerdian.

Erabakita dago zer bi bikotek, zer lau puntistek jokatuko duten udazkenetik hona Gernikan jokatzen ari diren Winter Series txapelketako finala.  Bart jokatu zen txapelketako bigarren finalerdia, eta Erkiaga eta Ibarluzeak bi joko eta huts (15-11, 15-13) emaitzarekin irabazi zieten Olharan eta Del Riori.

Hala, Winter Serieseko finalean Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikabeaskoak osatutako bikoteak Aritz Erkiagak eta Jon Ibarluzeak osatutako bikoa izango du aurkari. Jai Alai News atariak azpimarratu duenez, zumaiar puntista handiarentzako "opari bat" izango da Erkiagaren aurka jokatzea: "Zumaiako pilotari handiak Ispasterko artistaren kontra jokatuko du bere ibilbideko azken partida. Hain zuzen ere, azken urteetan bere “koroa” hartu duen puntistaren aurka. Galdu ala irabazi, opari bat Iñakirentzat. Goiko eta Aritz, Aritz eta Goiko. Bi pilotari eta lagun handi, Estatu Batuetan karrera egin, hango ziklo historikoa bukatuta, Euskal Herriko berpizte aroa gozatzen. Txapelketarik handieneko finalean jokatuko dute euren arteko azken lehia".

Finala otsailaren 18an jokatuko dute Gernikako frontoian. Aurretik, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Johan-Imanol Lopez eta atzo galtzaile suertatu ziren Olharan-Del Rio bikoteek. Otsailaren 12an izango da, eta sarrerak dagoeneko agortuta daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide