Akaleiak 'Katapulta Tour Gipuzkoa' programaren IX. edizioan parte hartuko du

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 5a, 15:00
'Katapulta Tour Gipuzkoa' programako aurtengo sarituak, tartean Oihana Rodriguez (ezkerretik hasita bosgarrena). (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Formatu txikiko musikari eta arte eszenikoari balioa eman eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea du helburu proiektuak. Guztira 121 musika proiektu eta arte eszenikoetako 28 lan aurkeztu dituzte, baina horietatik hamar taldek bakarrik lortu dute programan sartzea.

Bederatzigarrenez, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour Gipuzkoa programa jarri dute martxan, formatu txikiko musikari eta arte eszenikoari balioa eman eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzeko. Guztira 121 musika proiektu eta arte eszenikoetako 28 lan aurkeztu dituzte, baina horietatik hamar taldek bakarrik lortu dute programan sartzea, tartean eskualdeko kideak dituzten bik: Akaleia abeslariak eta Lauzpabost Stand Up bakarrizketa proiektuak. Aipatutako lehen proiektuko kidea da Oihana Rodriguez zumaiarra; Maria Blanco zestoarra eta Julen Portillo zarauztarra, berriz, Lauzpabost proiektuko kide dira. 

Horietaz gain, honeko taldeek eskuratu dute saria: Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax, The Donkey Riders eta Kalte Kolektiboa. Bederatzigarren edizioan, saritutako sortzaileek aukera izango dute zuzeneko lau emanaldi eskaintzeko, prestakuntza programa bat eta hautatutako proposamenetarako entsegu espazioak izateko eta sustapen bideo bat grabatzeko. 

Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu du horrelako ekimenek garrantzia handia dutela lurraldeko artistak bultzatzeko, beren proiektu musikal eta artistikoen hedapenean eta profesionalizazioan laguntzen dietelako: “Garrantzitsua da gazteei laguntzea eta lurraldean dugun tokiko talentua sustatzea.  Benetan sinesten dugu kulturak eta arteak gure gizartea aberasteko eta Gipuzkoako eszenaren bizitasunean laguntzeko duten boterean".