Lagun ugarik hartu du parte Etxaperen lehen urteurreneko ekitaldietan

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 4a, 17:00

Ekida taldeak sortutako antzezlan batekin amaitu zituzten atzo Zumaiako zentro sozialistaren lehen urteurrenaren bueltan antolatutako ekintzak.

Aita Mari auzuneko lokal huts batean atondu eta prestatutako Etxape zentro sozialistaren lehen urteurreneko ekitaldiak egin zituzten atzo, larunbatez. Goizean Zumaiako artisten erakusketa zabaldu zuten zentroan bertan. Orduak joan ahala joan zen jendea hurreratzen erakusketara.

Ondoren, inguruko plaza batean gauzatu zituzten egitarauan jasotzen ziren beste bi ekitaldiak. Hala, bazkaria egin zuten lehenbizi eta ondoren, 18:00etan hasita, Ekida taldeak sortutako Plaza hau gurea da antzezlana ikusteko aukera izan zuten. Obra hau urtarrilean aurkeztu zuten Oñatin eta Zumaiakoa izan zen bigarren emanaldia. Urretxun eta Elorrion izango da antzezlana ikusteko aukera datozen asteotan.

Ekitaldi hauetan ere jende ugari izan zen, bai Zumaikoak, baina baita beste herrietatik bertaratutakoak ere.

Argazkiak: Urola Kostako Kontseilu Sozialista.