Pottorra ugari itsasertzean

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 4a, 11:00
Martin arrunta. (Oliver Perez)

Animaliak zauririk ez badu bakean uztea gomendatzen dute adituek; aldiz, zauriren bat balu, larrialdietako 112 zenbakira edo Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako telefonora deitzeko eskatzen dute.

Zumaian pottorra bezala ezagutzen den martin arrunta hegazti ugari agertzen ari da azken asteotan kostaldean. Astebeteko epean espezie horretako hegazti ugari ikusi izan dira Itzurun, Algorri edo Santiagoko hondartzetan.

Adituen arabera, egoera hau ohikoa da. Izan ere, pottorrak (Uria aalge) paseko garaietan eta negu-pasetan ikus daitezke ingurune honetan, hegaztiak Europako iparraldetik iristen direnean Kantauri itsasoan elikatzen direlako. "Gehienetan, itsaso txarraren ondorioz nekatuta daude eta atseden bila hurbiltzen dira itsasertzera. Beraz, zaurituta ez badaude, egokiena da bertan bakean uztea eta, bereziki, txakurrek uxatzen ez uztea. Berrindartu ondoren, beren kabuz bueltatuko dira bizitokira, hau da itsas zabalera", adierazi dute adituek. Aldiz, zauriren bat izango balute, larrialdietako 112 zenbakira edo Natura Inguruneko Zuzendaritzako irratiaren telefonora deitzea eskatzen dute, 943-00 04 20 zenbakira.

Hegazti mota hau Ipar Poloaren inguruan banatzen da, Ozeano Atlantikoaren eta Barearen iparraldean. Europan, Islandia, Eskandinavia, Britainia Handia, Irlanda eta Portugalgo kostalde arrokatsuetan egiten du habia. Prestige petrolio-ontziaren hondamendiaren ondorioz, espezieak Espainiar Estatuan zituen kolonia bakarrak, Galiziakoak, galdu egin ziren. Hori dela eta, Hegaztien Espainiako Liburu Gorrian arrisku larriko kategorian dago eta Espezie Mehatxatuen katalogoan desagertzeko zorian dagoen espezie ugaltzaile gisa agertzen da.

Europan izan ezik, munduan pottorraren kontserbazio-egoera ez omen da hain txarra adituen arabera. "Banaketa geografikoa oso zabala du eta, dirudienez, populazioa gora doa. Beraz, Europako egoera hobetzeko, premiazkoa da berreskuratze-planak martxan jartzea eta neguko populazioak dituzten tokitan haien katalogazioa berrikustea. Gainera, arrantza-tresnek eragindako hilkortasuna handia da eta gainerako populazioaren inguruan dagoen informazioa urria".