Inauterietarako giroa berotzen

Maria Maya Manterola 2024ko ots. 2a, 09:23

Zumaian ‘Familian Zumai txaranga: salto eta dantza!’ kalejira egingo dute inauterietan, eta prestakuntza lanetan dabiltza. Kaldereroak ere izango dira bihar Zumaian.

Inauterietako jarduera garrantzitsuenak datorren asteburuan ospatuko badira ere, dagoeneko hasiak dira motorrak berotzen zenbait herritar. Zumaian, esaterako, inauterietan egingo duten Familian Zumai txaranga: salto eta dantza!kalejira prestatzen dabiltza buru-belarri.

Ainhoa Urteaga eta Joseba Korta Zumai txarangako kideak dira ekitaldi horretan parte hartuko duten musikarietako bi. Bonbardino jotzailea bata; tronpetista bestea. Biek ere familiatik jaso dute txarangan parte hartzeko ohitura, eta tradizioari jarraipena emateko ardura hartu dute orain. Izan ere, Urteagak aipatu duenez, "errelebo falta" nabaritu dute. "Nahiz eta guk etxetik jaso dugun ohitura, adierazi nahi dugu txaranga gauza irekia dela, edonork parte hartzeko modukoa", azaldu du Kortak.

Parte hartzailea izateaz gain, txarangak jai giroa sortzeko ahalmena duela aipatu du hark; edozein momentu alaitu dezake txaranga batek, eta inauteriak hartu dituzte aitzakiatzat giro hori kalera eramateko. Berezia izango da formatua, gainera: "Tolosako inauterietako abestiak joko ditugu, eta haurrentzako koreografiak ere prestatu ditugu bideoz, aurrez ikasita ekar ditzaten", esan du Urteagak. Izan ere, otsailaren 9an, eguerdian, aterako da kalez kale txaranga, eta ibilbidean zehar, eguraldiak laguntzen badu behintzat, geldialdiak egingo dituzte, haurrek beren gurasoekin edo laguntzialeekin koreografia horiek egin ditzaten. Musika tresnarik jotzen ikasi beharrik izan gabe txarangan parte hartzeko moduko formatua sortu nahi izan dute horrela.

Bide batez, askotariko musika tresnak ezagutu ahal izango dituzte kalejiran parte hartzen duten haurrek. Urteaga musika irakaslea ere bada, eta harentzat garrantzitsua da barietatea erakustea: "Ikusten dituzten musika tresnak probatu nahi izaten dituzte haurrek. Pianoaz eta gitarraz gain, bestelako tresnak ere badaudela erakutsi nahi diegu txarangaren bitartez".

Kaldereroak larunbatean

Inauteriak iragartzera datoz asteburuan, gainera, kaldereroak. Zumaian bihar irtengo dira kalejiran, 19:00etan. Zumaian Eusebio Gurrutxagatik atera eta herrian itzulia emango dute.