Sahararako material bilketan herriak "bikain" erantzun duela azpimarratu du Darahlik

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 31a, 16:00

Pasa den larunbatean egindako bilketaren une bat. (Darahli elkartea)

2.100 kilo material jaso zuen Darahli elkarteak pasa den astean Zumaian eta inguruko ikastetxeetan egindako bilketan. Produktu hauek otsailean bidaliko ditu kanpalekuetara karabanaren bidez.

Erbestean, Tindufeko kanpalekuetan bizi den Saharako herriarentzako elikagaien, sendagaien eta osasun produktuen bilketa egin zuen pasa den astean Darahli elkarteak. Astean zehar Zumaiako, Aizarnazabalgo, Oikiako eta Arroa Beheko ikastetxeetan jaso zituen produktuak; larunbatean, berriz, herriko supermerkatuetan. BMn eta Eroskin, hain zuzen. Herriak beste behin ere "bikain" erantzun duela nabarmendu du Darahlik. Izan ere, 2.100 kilo produktu bildu ditu pasa den asteko kanpainan. Aurreko deialdian baino material gehiago jaso dutela ere azpimarratu du saharar herriaren alde lan egiten duen elkarteak.

Darahlik azaldu duenez, 143 kaxa inguru bete dituzte herritarrek emandako atun lata, azukre, pasta, lekale eta arrozarekin. Horiez gain, konpresen beste hamar kaxa handi ere bildu ditu. Material hau guztia otsailean desertura abiatuko den karabanan bidaliko da. Urtarrileko deialdian jasotako 300 euroak material hori garraiatzeko erabiliko du Darahlik.

Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie kanpaina honetan lagundu duten zumaiar guztiei. Herriko supermerkatuei eta ikastetxeei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkie. Janari bilketa honetan aritu diren 77 gazte boluntarioen lana ere goraipatu du Darahlik.