[GUTUNA] Zuhaitzen kimaketaz

Aitor Leiza 2024ko urt. 30a, 16:00
Artxiboko irudian, Gernika parkea.

Aitor Leiza zumaiarrak ondorengo gutuna igorri du Baleikera herriko zuhaitzen kimaketaz.

Esan behar da udalak enkargatutako lan baten irizpideak ez direla ari betetzen, eta ikusi besterik ez daude aurten ere herrian egin dituzten kimaketak.
Oraingoan beste justifikaziorik gabeko kimaketa egin dute zuhaitzak tamaina handia hartzen ari zirenean. Arteak kimatu dituzte eta inori kalterik ez ziotenen egiten. Arteak hazkuntza motelekoak dira, eta saihesbidea egin zenetik hazten egon dira hainbat urteetan. Gaur itsas kiroldegi aldean dagoen biribilgunetik pasa naizenean eta ikusi ditudanean arteak moztuta hesi bat izango balira gogoeta batzuk etorri zaizkit burura: zertarako landatzen ditugu zuhaitzak ez baditugu hazten utzi behar? Ez al da hobe zuhaixkak landatzea?
Bero handiak gero eta arruntagoak dira. Hasi gaitezen behingoz errespetatzen zuhaitzak, eta kalitatezko itzalak lortuko ditugu. Garaiz gaude gai hau lantzeko, baina pentsa bost urte beharko direla gutxienez orain hasten bagara. 2023a joan zaigu bero errekor asko gainditzen, eta zortea izan genuen kostaldean lainotuta egon zelako egun askotan.
Zer da kalitatezko itzala? Nola lortuko ditugu eremu freskoak herri barruan? Oso erraz erantzun daitezke bi galdera hauek; zuhaitzak kimatu gabe lortzen ditugu kapa asko dituzten adarrak bere hostoekin. Umeek ere ulertuko lukete: nola marraztuko lukete zuhaitz bat? Enbor lodi bat izango luke, hiruzpalau metroko altuerakoa, adar lodiek paso emango lieke hain lodiak ez diren adarrei, eta gero eta finagoak diren adarrei…. eta adar gero eta txikiagoekin buelta guztiak hostoz beteta. Horixe da zuhaitz bat.
Diseinatu dezagun behingoz herri berde bat, zuhaitzez beteta hala egitea posible den lekutan. Marianton parkea, Amaiako plaza, Gernikako parkea… eta ezin denean teknika asko daude pareta berdeak sortzeko.
Nahiko nuke ez asmatu, baina gogoratuko gara aurten bero handiak etortzen direnean zenbat denbora tardatzen duten kimatutako zuhaitzen adarrak berritzen eta zenbat botako dugun falta itzal bat. Mesedez, hasi gaitezen serio herri berde bat lantzen.