Gernikako finalera helduta amaituko du bere ibilbide profesionala Iñaki Osa Goikoetxeak

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 30a, 12:00
Iñaki Osa Goikoetxea atzoko partidako une batean. (Eraman!)

Winter Series txapelketako lehen finalerdia jokatu zuten atzo Gernikako frontoian. Goikoetxea-Lekerika eta Johan-Lopez bikoteak neurtu ziren aurrelari zumaiarrak profesional bezala jokatuko duen azken-aurreko partidan.

Emozioz betetako partida izan zen atzo Gernikako frontoian jokatu zena, Winter Series txapelketako lehen finalerdia zelako batetik, baina, baita ere, Iñaki Osa Goikoetxeak bere ibilbide profesionala frontoi honetan amaituko duelako. Erretiroa hartu aurretiko azken-aurreko partida izan zuen atzokoa. Hori nahikoa ez, eta Imanol Lopez laguna eta herrikidea izan zuen partida honetan aurkari.

Goikoetxea-Lekerika eta Johan-Lopez bikoteak neurtu ziren txapelketako lehen finalerdian. Partida hasiera zirraragarria eskaini zuten lau pilotariek, eta Gernikako frontoiko harmailak bete zituzten zaletuak izan zuten hasiera-hasieratik gozatzeko aukera. Johan eta Lopez izan ziren aurretik lehen jokoko hasieran, baina launa berdindu ondoren, Goikoetxeak eta Lekerikak aldea zabaldu zuten markagailuan (7-4, 8-4). Intentsitate handiko jokoa erakutsi zuten bi bikoteek, baina tantoak Goikoetxearen eta Lekerikaren zorroan sartzen joan ziren, eta 15 eta 8 emaitzarekin irabazi zuten lehen jokoa.

Atsedenaldiaren ondoren entxufatuta kantxaratu ziren Johan eta Lopez, eta jokoa hasi eta berehala tartea zabaldu zuten markagailuan (0-5). Saiatu badira ere, Goikoetxea eta Lekerika ez dira gai izan aldea murrizteko, eta horiz jantzitako Johan eta Lopezek tartea zabaltzen joan ziren (5-9, 7-14). Azkenean, jokoa 9 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten Johanek eta Lopezek.

Hala, joko laburrean erabakiko zen zer bikote pasatuko zen txapelketako finalera. Berdinketaz betetako set batean (4-4 izan ziren), azken tantoa Goikoetxea eta Lekerikarentzako izan zen, eta 5 eta 4 emaitzarekin irabazi zuten jokoa, eta 2 eta 1 emaitzarekin partida. Amaieran, besarkatu egin ziren lau pilotariak.

Txapelketako bigarren finalerdia datorren astelehenean, hilaren 5ean jokatuko: Erkiaga eta Ibarluzea Olharan eta Del Rioren aurka arituko dira.