Multzoko lider jarri da Kbi A taldea hirugarren garaipena erdietsi ondoren

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 29a, 09:30
Kbi C taldeko jokalariak, Donostian jokatutako partidetan. (Kbi xake kluba)

Asteburu ona izan da Zumaiako xake klubarentzako, bi garaipen eta berdinketa batekin.

Gipuzkoako xake ligako hirugarren jardunaldia jokatu zen pasa den larunbatean. Asteburu ona izan da pasatakoa Zumaiako Kbi xake klubarentzako, bi garaipen eta berdinketa bat lortu dituzte eta bere taldeek.

Lehen mailan ari den A taldeak garaipena erdietsi zuen Createch Medical klubaren aurka jokatutako partidatan. 0,5-3,5 emaitzarekin lortu zuen Zumaiako klubak garaipena. Jardunaldi honetan Paulo Alberdi, Erik Juez, Xabier Aranzabal eta Fermin Lauroba aritu ziren A taldearekin. Hiru jardunaldi jokatuta 9 puntu lortu dituzte zumaiarrek, eta bere multzoko lidergoan jarri da. 

Datorren larunbatean jokatuko da laugarren jardunaldia, eta zumaiarrek berriro ere etxetik kanpo jokatuko dute, Legazpin hain zuzen ere, Santikutz B taldearen aurka. 

Kbiren B taldeak ere bere norgehiagoka irabazi du, bigarren mailan. Zumaian bertan jokatu zen jardunadia, eta Kbikoek 4-0 emaitzarekin irabazi zieten Goierri klubekoei. Oscar Aizpurua, Antonio Jose Martin, Miguel Angel Aguado eta Valeria Baez aritu ziren jokoan jardunaldi honetan. Sailkapenean bere multzoko hirugarren da Kbi B, Bergara A-rekin 8 puntura berdinduta.

Datorren larunbatean ere etxean arituko dira, Hogarrean, Gros I  klubaren aurka.

Kbi C taldeak, berriz, bina berdindu zuen Gros M taldearen aurka, Donostian jokatutako hirugarren mailako hirugarren jardunaldian. Aitor Sarasketa, Endika Ruiz, Alaitz Irigoien eta Mohamed Benabdallah aritu ziren Kbiko hirugarren taldearekin. Bederatzigarren postuan da taldea jardunaldi honen ondoren, eta hurrengoan, laugarrengoan, Salto Bidasoa E izango dute aurkari Zumaian.