"Lanean jarraitu behar dugu baina aho-zapore onarekin bueltatu gara Arrasatetik"

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 29a, 08:12
Borrokaldietan parte hartu zuten boxeolariak eta klubeko ordezkariak Arrasaten. (Zumaia Cban Boxing)

Boxeo jaialdia jokatu zen larunbat arratsaldean Arrasateko pilotalekuan. Zumaia Cuban Boxing klubeko bi boxeolarik hartu zuten parte bertan.

Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoako boxeolariek hartu zuten parte larunbatean Arrasateko pilotalekuan jokatutako boxeo borrokaldietan. Hamar neurketa izan ziren, eta Zumaia Cuban Boxing klubeko bi boxeolari igo ziren ringera. "Jaialdi animatua izan zen larunbatekoa. Borrokaldi onak izan ziren, eta garaipen eta porrot banarekin itzuli ginen", laburbildu du klubeko buru Ruben Arredondok.

Lorentxok, 73 kiloko kategorian, bere indarra erakutsi zuela dio entrenatzaile kubatarrak. "KOgatik irabazi zuen bere borrokaldia bigarren roundean. Borrokaldian erabili beharreko taktika lantzen joan gara eta hau da emaitza".

65 kiloko kategorian Madyk gaurik onena izan ez zuela dio Arredondok. "Hirugarren roundean galtzailetzat jo zuten babesteko bi kontaketaren ondoren".

"Lanean jarraitu behar dugu, baina aho-zapore onarekin itzuli gara Arrasatetik", laburbildu du Zumaia Cuban Boxing klubeko zuzendariak.