IRITZIA

Harro egon zaitezke, Zumaia

Jai Alai News 2024ko urt. 28a, 13:00

Winter Series txapelketako lehen finalaurrekoa jokatuko da bihar arratsaldez Gernikako frontoian. Hori baino gehiago izango da, ordea. Izan ere, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopez elkarren artean arituko diren azken partida izango da. Jai Alai News atariak idatzi hau prestatu du bi puntista handi hauen omenez.

10.000 biztanle ditu Zumaiak. Urola ibaiaren bokalean, Balentziaga ontziola da bere itsas-industriaren azken aztarna handia. Merkataritzako portu historikoa eta itsasontzien motor famatuenen egilea, flyscha eta olagarroa dira herriaren zeinu, baina baita kirola ere. Kauldi Odriozola eskubaloian, Iñigo Peña piraguan edota Imanol Yeregi surfean... milaka pertsonak praktikatzen duten kiroletan egin dute euren izena. Zumaian bertan indar handia dute bai eskubaloiak, bai aipaturiko uretako kirolek. Eta zesta punta? Hortxe dago bada, hain zuzen ere, misterioa.

Bere garaiko bi puntista onenak, eta historian ere gorengo mailan kokatu direnak, zumaiarrak dira. Hogei urtez agindu dute jai alai munduan, bakoitzak bere posizioan. Nola liteke biak herri berekoak eta sasoi beretsukoak izatea, jai alaia punterengo kirola ez den paraje batean?

Alde batetik beraien ezaugarri hain bereziengatik. Altuak, indar handikoak eta teknikoki postura guztiak manejatzen dituztenak dira. Baina hori ez da nahikoa. Goiko eta Lopez ikaragarrizko estrategak dira. Partida bikain irakurtzen dute, aurkaria goitik behera aztertu eta horren arabera euren jokoa moldatu. Hala ere, heldu diren lekura heltzeko hori ere ez da nahikoa. Irabazle sena dute, eta handia gainera. Partidutik ez dira inoiz ateratzen, kontzentrazio maila handia lortzen dute, eta besteei koxka bat ateratzen diete partidaren momentu erabakigarri horietan. Baina hau ere ez da nahikoa Goiko eta Lopezen mailara iristeko. Zer falta da? Erregulartasuna. Erregulartasun maila perfektua. Egunero, astero, hilabetero, urtero, maila horri eustea. Denboraldiz denboraldi onena izatea. Bi hamarkadatan! Eta ez azken txanpa honetan bakarrik. Maila oso altuko kuadro eta garaietan lortu dute.

Horregatik diot: nola da posible biak herri berekoak izatea? Biak zumaiarrak izatea? Kasualitatea al da? Izan liteke zoriak bere partea izatea baina herri horretan egin duten lanak ere izango du zerikusirik. Goiko eta Lopezek askotan aipatzen dute sekula ez dutela presiorik sentitu herrian. Zumaia arnasleku izan dute. Euren konpetizioko estresetik ihes egiteko leku egokia izan da eta asko eskertu dute hori.

Egia esan, oso zaila izango da hau berriz gertatzea. Ezinezkoa dirudi. Momentuz, asteleheneko partida geratzen zaigu. Txapelketarik onenean eta finalerdietan jokatuko dute elkarren aurka azken aldiz, Goikok eta Lopezek 2.000 lagunen aurrean. Kabituz gero, batek daki zenbat pertsona sartuko litatekeen bihar frontoian!

Zumaiako herriak OSO HARRO eta OSO ESKERTUTA egon behar du bi izar haundi hauekin. Kirol hau mugatua da, baina zuen herria gorengo mailara eraman dute Iñakik eta Imanolek. Azken honi gainera, urte batzuk geratzen zaizkio oraindik egurra ematen segitzeko!