Alain Castillo: "Gozatu egiten dut matematikarekin"

Amaia Agirre 2024ko urt. 28a, 11:00
Argazkia: Amaia Agirre.

Alain Castillo (Zumaia, 2008) Zumaiena ikastetxeko ikaslea da, eta DBH 4. mailan dabil. Beti gustatu izan zaio zientzia eta matematikaren mundua, eta aurten, matematikako nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeko aukera izan du. Espainiako estatuko onena bera izan da, gainera. Urtarrileko Baleikeko Hitz tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

 

Nolatan parte hartu duzu International Youth Math Challenge matematikako online lehiaketan?

Betidanik izan ditut gustuko matematikak, oso gazte nintzenetik orokorrean matematika eta zientziak gustatu izan zaizkit. Whatsapp talde batean nago, eta bertan izan nuen lehiaketa horren berri. Lehiaketako webgunera sartu, eta izena eman nuen.

Whatsapp talde bat aipatu duzu.

Bai, whatsapp talde horretan zientziaren mundua gustuko duen adin guztietako jendea dago. Talde horretan gaitasun handiko pertsonak daude orokorrean, eta bertan partekatzen da horrelako ekintzen berri.

Lehiaketaren berri izan eta parte hartzeko gogoa sartu. Ingurukoen laguntzarik izan duzu?

Lehen esan bezala, niri betidanik gustatu izan zait matematika; gozatu egiten dut. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen. Laguntza aldetik, berriz, inguruko guztien laguntza jaso dut. Nahiz eta problemak eta ariketak neuk egin, ingurukoen babes handia sentitu dut. Alde batetik, etxekoek beti bultza izan naute gustuko dudan horretara. Bestetik, lagunen eta ikaskideen babesa ere izan dut. Ikastetxeak ere laguntza berezia eman dit, hasieratik amaieraraino.

Harrera ona izan duzu, orduan, ikastetxean?

Bai, oso harrera ona egin didate ikaskide zein irakasleek. Adibidez, nire matematikako irakasle Arantxi eta beste irakasle Karmen izan dira gehienbat nirekin egon direnak. Egia esan, ikastetxeko kide guztiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen: irakasleei, zuzendariari eta ikaskideei.

Nolakoa izan da lehiaketa?

Lehiaketak hiru fase ditu. Abuztuan egin nuen lehena, sailkapenekoa. Bertan bost problematik hiru erantzun behar nituen, Batxilergoko 2. mailakoak. Hori gainditu eta hurrengo fasera sailkatu nintzen; bigarren fase hori iraila-urrian izan zen, finalaurreko fasea, alegia. Lau egun izan nituen hainbat problema ebazteko. Online bidez bidali zizkidaten, eta 7-8 problematan hainbat puntu eskuratu behar ziren finalera pasatzeko. Hor ere puntuak eskuratu nituen. Finalean, berriz, aurrez aurreko azterketa egin behar izan nuen. Ikastetxeko irakasle batek egon behar izan zuen nire ondoan, ez nuela kopiatzen ikuskatzeko. Azterketa horretan 20 galdera zeuden, eta galdera bakoitzeko minutu bat neukan erantzuteko. Nahiko zaila zen, baina ondoan nuen nire irakasle Arantxi, eta azterketa Zumaienan bertan izateak ere lasaitasun pixka bat eman zidan.

Emaitzarekin gustura?

20 puntutik 12 lortu ditut eta %20 onenen artean gelditu naiz. Espainiako aurreneko postua ere lortu dut. Bi ziurtagiri esanguratsu jaso ditut: bata, finalistarena, eta horregatik, brontzezko ohorea eman didate; bestea, berriz, Espainiako lehenengo postu horren ziurtagiria da.

Eta orain, zer? Beste lehiaketaren bat baduzu buruan?

Datorren urtean edo aukera izandakoan gustatuko litzaidake halako beste lehiaketa batean parte hartzea. Adibidez, oso famatuak diren matematiketako olinpiadetan. Horiek lurralde mailan, Espainia mailan eta azkenik, nazioartekoak izaten dira. Etorkizunean gustatuko litzaidake horrelakoetan parte hartzea, nire matematika maila garatzen duelako.

Etorkizunari begira, matematikaren munduan sartu nahi duzu?

Matematikako gradua ikastea gustatuko litzaidake, gradua edo gradu bikoitza; hala nola, Matematika eta Fisika edo Matematika eta Informatika. Gainera, ikastera kanpora joatea gustatuko litzaidake, ingelesa menperatzen dudalako. Harvard edo Cambridge unibertsitateetan ikastea da nire ametsa. Matematikaria izatea da nire nahia, baina ez dakit gero irakaskuntzan sartuko naizen edo beste bide bati helduko diodan.