Portugaleteko traineru jaitsieran eta Gipuzkoako batel ligako jardunaldian arituko dira Zumaiako arraunlariak asteburuan

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 27a, 15:00
Batela entrenatzen Zumaiako itsasadarrean. (Juan Luis Romatet)

Ibaizabal ibaian eta Pasaiako badian izango dituzte estropadak Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko kideek asteburuan.

Portugaleteko XII. traineru jaitsiera jokatuko da igande goizean 11:30etik aurrera Ibaizabal ibaian. Luisfer oroimenezkoaren lehen edizio honetan beterano, misto, gazte eta senior kategorian, emakume zein gizon, kategoriatan jokatuko da estropada. Kategoriaren arabera, 4.000 edo 5.500 metroko lana egin beharko dute arraunlariak. Erlojuaren aurkako proba izango da, eta minutu bateko aldearekin aterako dira ontziak. 

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak hiru ontzi eramango ditu Bizkai aldera: seniorretan, emakume eta gizonetan traineru bana, eta beteranoetan bat. Oraindik ere traineru denboraldia hasteko asko falta bada ere, lehen proba gisa hartu daiteke Portugaleteko hitzordua.

Batelak Pasaian

Gipuzkoako batel ligako bigarren jardunaldia jokatuko da igande goizean Pasaiako badian, Pasai San Pedro klubak antolatuta. 10:00etan hasiko dira estropadak, eta erlojupekoa izango da. 

Orion jokatutako lehen jardunaldian egin bezala, Telmo Deun arraun elkarteak zazpi ontzirekin hartuko du parte hitzordu honetan.