Bost Oscar saritarako hautagaia den 'Anatomia de una caida' filma emango dute gaur zine forumean

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 25a, 09:30

Justine Triet zinemagile frantziarrak zuzendutako filma emango du Ostarrena zine klubak, 19:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan.

Iazko film garrantzitsuenetakoa ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean, 19:00etan hasita, Aita Mari aretoan. Ostarrenak antolatutako zine forum saioan Justine Triet zinemagile frantziarrak zuzendutako Anatomia de una caida filma emango da Zumaiako zinema aretoan. Sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai.

Film honek Canneseko jaialdiak ematen duen sari nagusia, Urrezko Palmondoa irabazi zuen iaz. Aste honetan iragarri diren Oscar sarietarako bost hautagaitza ere eskuratu ditu: film onenarena, emakumezko aktore onenarena Sandra Hüller alemaniarrarentzat, zuzendari onenarena Justine Trieterentzat, gidoi onenarena eta muntatze onenarena. 

Sinopsia

Sandra, idazle alemaniarra, Samuel senarrarekin eta Daniel seme itsuarekin bizi da Frantziako Alpeetako txalet batean. Samuel egoera misteriotsuan hiltzen denean, ikerketak ezin du argitu suizidioa edo homizidioa den. Sandra atxilotu eta epaitu egiten dute hilketagatik, eta prozesuak bere harreman iskanbilatsua eta nortasun anbiguoa jartzen ditu jomugan.