Fakturak ulertzeko zerbitzua eskainiko du Piztu kooperatibak

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 24a, 09:57
Piztu elkarteko kide Ander Intxaurrondo eta IƱaki Osa. (Juan Luis Romatet)

Argindarraren eta gasaren fakturetan dirua aurrezteko aukeren berri ere emango dute energia komunitateko kideek. Ostegun arratsaldeetan izango da zerbitzua, Hogarrean.

Urte berriarekin batera, argindarraren eta gasaren fakturak ulertzeko, eta, ahal denean, dirua aurrezten laguntzeko zerbitzua jarri du martxan Piztu kooperatibak. Zumaiako energia komunitateko bi kide, Iñaki Osa eta Ander Intxaurrondo, ostegun arratsaldeetan izaten dira Piztuk Hogarreko elkarlangunean (lehen solairuan) duen txokoan, 16:30etik 20:00etara bitartean. Arreta jasotzeko txanda hartu beharko da, fakturak@piztu.eus helbide elektronikora idatzita.

"Ikusita argindarraren eta gasaren kostua azken urteotan zenbat igo den, zer zailtasun duten askok hilaren bukaerara heltzeko eta gauza gutxi eginda zer tarte dagoen fakturetan aurrezteko, pentsatu genuen ideia ona izango zela jendeari aholkuak ematea beraien argindar eta gasaren fakturak murrizteko", azaldu du Osak. Piztuko kideak garbi utzi du beraiek informazioa ematera mugatzen direla. "Aldatu edo ez, erabakia azkenean beraiena da".

Norbanako batentzako ulergaitzak gerta daitezke argindarraren eta gasaren fakturak. Piztuko bi kideak Hernaniko (Gipuzkoa) energia komunitatearekin jarri ziren harremanetan faktura batean jasotzen diren kontzeptu desberdinak ulertzeko. "Ez da hain konplikatua. Iruditzen zaigu jendeak beldur pixka bat ere baduela; fakturan datorrena ordaintzen du, eta kito. Guk nahi duguna da jendeak ulertzea zer ari den ordaintzen eta zertan hobe dezakeen; azokara joan eta zuretzako produktu egokiena erosten duzun bezala, jakitea argindarraren eta gasaren kontuan ere zer aukera dauden", gaineratu du Intxaurrondok.

Hurreratu zaizkien herritarren fakturak ikusita, ohartu dira gehiengo handi batek merkatu libreko argindarra zein gasa dituela kontratatuta konpainia handiekin. "Askok ez dakite araututako merkatuko zerbitzua ere kontrata daitekeela. Tarifa erregulatua eskainiz gero, konpainia denetan prezioa berbera da; tarifa librean, berriz, bakoitzak nahi duena eskain dezake. Tarifa librean urtebeterako kontratua sinatzen duzu, eta prezioa mantendu egiten da urte osoan. Erregulatuan merkatuan dauden gorabeheren araberakoa da prezioa. Azken horretan arrisku puntu bat badago, baina fidagarriagoa da. Normalean araututakoa merkeagoa da librea baino, eta hara pasatzea ari gara gomendatzen", dio Osak.

Kontratatutako tarifa aldatzeaz gain, fakturan aurrezteko beste era batzuk ere badaudela diote energia komunitateko bazkideek. "Zenbateko potentzia duten kontratatuta ere begira daiteke", dio Intxaurrondok. "Etortzen direnean, aztertu egiten dugu ea zer duten etxean –zenbat aparailu– eta ea behar duten hainbesteko potentzia, kontratatutakoa beren beharretara egokituz. Badaude normalean behar ez diren zerbitzuak, mantentzekoa, adibidez. Jende askok zerbitzu horiek kontratatuta ditu hala dela jakin gabe. Askok ez dakite zer ari diren ordaintzen".

Herriko zenbait eragilerekin jarri dira harremanetan zerbitzuaren berri emateko, Beheko Plaza pentsiodunen elkartearekin eta Caritasekin, esaterako.