Eider Goiburu: "Beharrezkoa da sexualitatearen gaia mahai gainean jartzea"

Aiora LarraƱaga Solabarrieta 2024ko urt. 22a, 13:00
Eider Goiburu sexu hezitzailea. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Eider Goiburuk (Orio, 1980) hitzaldia emango du Zumaian urtarrilaren 30ean, Pornografia gaur egungo heziketa ote? izenburupean. Nerabeen gurasoei zuzenduriko saioa izango da, eta izena eman daiteke dagoeneko brankaharrera@zumaia.eus helbidera mezua idatzita. Alondegiko Oxford aretoan izango da, 18:00etan. 

Alarma sortu al da gizartean nerabeen pornografia kontsumoaren inguruan?
Pornografiaren gaia aztertzerakoan asko hitz egiten da horrek nerabeengan duen eraginari buruz, eta oso mezu alarmista zabaldu da. Hala ere, aitortu behar dugu pornografia gizarte osoak kontsumitzen duela, ez nerabeek edo gazteek bakarrik. Horregatik, eredu pornografikoa eztabaidan jarri nahi badugu, ez ditugu nerabeak erruduntzat jo behar, beraien arazoa balitz bezala.

Zer sexu harreman eredu erreproduzitzen du jende guztiaren eskura dagoen pornografiak?
Pornografiak islatzen duen eredu erotikoari buruz esan behar da eredu matxista dela, heteronorma indartzen duena eta sexista. Emakumea sexu objektu bezala eta gizona desio subjektu bezala ulertzea bultzatzen du. Erakusten dituen gorputz ereduak ez dira errealak, eta genero rol jakin batzuetan oinarritutako edertasun irizpideak jarraitzen dituzte: gizonetan dominazio genero rola eta emakumeetan sumisio genero rola. Gainera, erakusten dituzten praktika erotikoak sarketarekin lotutakoak dira, eta ez da aintzat hartzen milaka praktika erotiko desberdin egon daitezkeela. Orokorrean, denen eskura dagoen edo doakoa den eredu pornografikoak alde batera uzten du aniztasun sexuala. Eredu anitzek, gorputz anitzek, bisexualek, transexualek, homosexualek eta lesbianek oso toki gutxi dute, eta horiek azaltzen direnean gizonen begiradatik izaten da, pornografia ikuspegi maskulino patriarkal batetik ekoitzita dagoelako .

Pornografiak ba al du eraginik gazteen sexu desiraren eraikuntzan eta sexu harremanak ulertzeko orduan?
Eragina badu, baina ez da eragiten duen faktore bakarra. Maitasun erromantikoko eszena batek ere emakume eta gizonen arteko botere harremanak erreproduzitzen ditu: gizona izaten da esperientzia duena, hasiera ematen diona harremanari eta erabakiak hartzen dituena; emakumea, berriz, sumisio rol batean azaltzen da. Adibide horrekin esan nahi dut iruditeria sexualaren barruan eragina duela pornografiak, baina ez dela eragile bakarra. Gainera, pornografiaren kontsumoa kritikatzen dugu, baina ez dugu eskaintzen eduki alternatiborik, eta egon badaude. Sortzen dira eredu pornografiko etikoak jarraitzen dituzten edukiak, baina ez daude bestelako edukiak bezain eskuragarri, ez dute oihartzunik eta ordaindu egin behar izaten dira. 
Haurtzarorako ere material asko sortzen ari dira sexualitatearen gaia lantzeko, eta oso interesgarriak dira. Nerabeei, ordea, ez dakigu nola transmititu eredu horiek, eta badaude, gainera, sexualitatea agertzearekiko erresistentziak; ondorioz, beste eredu batzuk ere ez dira eskaintzen. 

Gizartean sexu heziketari dagokionez hutsune bat dagoela nabaritzen duzu, beraz?
Bai, hutsune handia dago. Familia asko daude sexualitatearen gaiarekiko jarrera irekia dutenak eta beren seme-alabek sexualitate aske bat izatea nahi dutenak, baina horrek eskatzen du helduaren ikuspegia deseraikitzea eta beste jokaera batzuk lantzea. Bide horretan gaude egungo gizartean, baina badugu lana egiteko.

Zer beharko litzateke horretarako?
Sexu heziketaren inguruan lan egiten dugun eragileok ordu gutxi batzuetako saioak eskaintzeko deitzen diguten sentipena dugu, eta gehienetan, arrisku ikuspegi batetik; sexu prebentzioa edo indarkeriaren prebentzioa lantzeko, alegia. Hala ere, arriskua bakarrik lantzen ari bagara, ez gara ari beste eredu erotiko batzuk sortzen. Duela gutxi, esaterako, izan nuen aukera 20 urte inguruko gazte batzuekin lantzeko fantasia sexualen gaia. Oso modu interesgarria iruditzen zait eredu erotiko berriak eraikitzeko. Behar-beharrezkoa iruditzen zait ikuspegi hezitzaile batetik iruditeria lantzea gazteengan eragiteko, baina horretarako konfiantza giroa behar da, marko bat sortzea eta aniztasunaren gaia erdigunean jartzea. Prozesu bat da, eta horrek eskatzen du denbora gehiago eskaintzea gaiari eta inbertsio handiagoa egitea. Komunitate osoak eragin behar du. Gazteekin, noski, ezinbestekoa da gaia lantzea, baina gizarte osoak egin behar dugu autokritika; orain arte normaltzat jo dena zalantzan jarri eta eredu berria sortzeko garaia da.

Pornografian adostasunaren gaia ere oso lausoa da. 
Pornografiaren barruan ez dago komunikaziorik, eta hori gabe ez dago proposamenik, desioen adierazpenik, negoziaziorik, mugarik eta galderarik. Hala ere, kontuan izan behar dugu pornografia ez dela zerbait isolatua gizartean; gizarte patriarkalak sortutako produktua da. Beste eredu batzuk sortu behar ditugu; eredu feministak, desioen adierazpena sustatzen dutenak eta adostasuna oinarri dutenak.

Denbora daramazu hitzaldiak eskaintzen herriz herri. Gaiarekiko interesa badagoela antzeman al duzu?
Hitzaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak antolatutakoak dira. Hiru urte daramatzat programa horren barruan familiekin sexu heziketaren gaia lantzen, eta aurten lehen aldiz pornografia hartu dugu abiapuntu sexu heziketaren markoaren barruan. Konturatu naiz pornografiari buruzko saioetara askoz jende gehiago agertzen ari dela sexu heziketaren ingurukoetara baino. Pornografia da sexu heziketaren barruan eragina duen elementuetako bat, baina nik sexu heziketa jartzen dut erdigunean kasu guztietan. Pornografiak, ordea, alarma pizten du, eta antzematen da gurasoak kezkatuta daudela gaiarekin. Jendeak interesa badauka, baina beldurraren ikuspegitik. Hala ere, ez da ahaztu behar pornografiaren kontsumoa aspalditik datorren kontua dela. Ni, esaterako, duela hogei urte hasi nintzen gazteekin lanean, eta pornografiaz hitz egiten genuen. Uste dut oso positiboa dela gaia mahai gainean jartzea, baina, aldi berean, auzi horretan helduok ditugun ardurak onartuta. Helburua ez da pornografia eredua kritikatzea bakarrik, sexualitate eredu berria eraikitzen hastea baizik.

Zein izango litzateke zure ustez sexualitate eredu berriak eraikitzeko bidea? 
Gure helburua bada gazteek plazerarekin lotutako sexualitate aske eta osasuntsua izatea, behar-beharrezkoa da sexualitatea mahai gainean jartzea eta horri buruz hitz egitea. Horren barruan gai mordoa daude: sexu aniztasuna, gorputza, praktikak eta harremanak, besteak beste. Komunikazioa da gakoa. Badakit nerabeekin sexualitateaz hitz egitea oso zaila izaten dela gurasoentzat, baina eskain diezazkiekegu beraiei egokitutako materialak. Gaztetxo horiek ikusi behar dute sexualitatearen gaia ez dela ezkutukoa, tabua, eta gaiaz hitz egin dezaketela askatasunez. Izan ere, etxean, eskolan eta lagunartean sexualitateaz hitz egiteak eskainiko dizkie baliabideak eta hiztegia bikotekidearekin edo noizbehinkako sexu harremanak dituzten lagunekin horrelako elkarrizketak edukitzeko eta komunikazioa ardatz duen sexualitate askea izateko.