Eskubaloiaren magia itzuli da Lubakira

Gorka Zabaleta 2024ko urt. 21a, 10:58

Ander Torrikok 1.029 egunez amestutako itzulera izan zuen atzo Anaitasunaren eta Bidasoaren arteko partidan. Asier eta Jon Ander Iribar anaiek borobildu zuten arratsaldea, Lubakiko harmailak bete zituzten jarraitzaileen gozamenerako.

Ikusmin handia piztu zuen atzoko partidak Zumaiako eskubaloizaleen artean. Batetik, Bidasoan ari diren Asier eta Jon Ander Iribar anaiak berriro Lubakin ikustea ederra delako. Bestetik, hiru urteko sufrimenduari amaiera jartzeko eguna zuelako Ander Torrikok.

Asierrek eta Jon Anderrek partida hasieratik izan ziren protagonista Bidasoaren jokoan eta hainbat goletan. Asierrek jadanik hiru urte daramatza Irungo taldean, eta jokoan heldutasun handia transmititzen du. Jon Ander, anaia gazteena, ari da pixkanaka maila gorenari neurria hartzen.

Ander Torrikoren itzulera, lehen zatia amaitzeko hamar bat minuturen faltan etorri zen. Berak bakarrik daki une horretan zer sentitu zuen, baina harmailetatik txalo zaparrada itzela jaso zuen. Baloia eskuetan goxatu, erdilari postutik mugitu alde batera eta bestera, eta ez zuen denbora asko behar izan magia berezkoa duela erakusteko. Pase bat hemendik, golen bat handik. Bigarren zatian ere, beste 15 bat minutu egin jokoan. Gero eta sueltoago, une bakoitza dastatzen. Amaieran, besarkadak eta irrifar inoiz baino alaiagoa. Ederra izan zen, baita ere, kantxa haurrez beteta ikustea, jokalariekin argazkiak ateratzen eta haien sinadurak biltzen. 

Lagunarteko partida Anaitasunak irabazi zuen (29-35), baina atzo horrek ez zuen garrantzia handirik. Torriko bueltan da, denon zorionerako. 

Pulpoko seniorren garaipena

Aurrez Pulpoko seniorren bi partida jokatu ziren Lubakin. Bqd Pulpok 24-21 irabazi zion Urnietari Emakumeen Gipuzkoako Ligan, eta sailkapenean hirugarren postuan daude 16 punturekin, Txingudiren (22p.) eta Aloñamendiren (18p.) atzetik, eta atzoko aurkari Urnietaren aurretik (14p.).

Labarra Pulpok 23-19 irabazi zuen Urdanetaren aurka, Gizonen Euskal Ligan. Lehen itzulia sailkapenburu amaitu dute zumaiarrek, 24 punturekin, eta mailaz igotzeko helburuari tinko eusten diote.