Zabaldu dute Herri lasterketarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 19a, 17:00

Haur, gaztetxo eta helduentzako lasterketak izango dira (Aritz Mutiozabal)

Otsailaren 24an, larunbatez, korrituko da Zumaiako XXXIX. Herri lasterketa. Interesdunek izen ematea zabalik dute kronoak.com webgunean.

Zabaldu dute dagoeneko otsailaren 24an korrituko den Zumaiako Herri Lasterketarako izen ematea. 39. edizioa beteko du aurtengoarekin kirol proba honek, eta aurreko aldietan gertatu bezala, bi distantzien artean aukeratzeko parada izango dute korrikalariek: 5,1 kilometroko lasterketa laburra eta 10,2 kilometroko karrera luzea.

Larunbatean, bazkalondoan hasiko dira lehen korrika saioak, 15:45ean, hain zuzen. Haur eta gaztetxoen txanda izango da lehenbizi, eta ondoren, 17:00etatik aurrera, helduen txanda izango da. Aurtengo edizioak ordutegi hau izango du:

  • 15:45ean, kimuak: 1.050 m. (Irteera Beheko plazan).
  • 16:00ean, infantilak: 2.100 m. (Irteera Beheko plazan).
  • 16:10ean, kadeteak: 2.100 m. (Irteera Beheko plazan).
  • 16:15ean, aurrebenjaminak eta benjaminak 300 m. (Irteera Saregile plaza parean).
  • 16:30ean, eskola adinekoen sari banaketa.
  • 17:00ean, helduen lasterketa: 10.200 m. (Irteera Beheko plazan).
  • 17:10ean, helduen lasterketa: 5.100 m. (Irteera Beheko plazan).
  • 18:15ean, helduen sari banaketa.

Proba nagusirako izen ematea kronoak.com webgunearen bidez egin beharko da. Arautegia ere bertan irakur daiteke. Haurren kasuan, herriko ikastetxeetan zintzilik eraman beharreko txartela jaso eta bete beharko dute aurrez.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide