Izen ematea zabaldu du Emakumeon Etxeak Lilatoian parte hartzeko

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 18a, 13:25
Zumaiako Emakume Etxearekin korritu zuten emakumeak, iazko Lilatoian.

Aurreko urteetan egin bezala, Zumaiako Emakumeon Etxeak talde gisa hartuko du parte martxoaren 3an egingo den Lilatoian. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko zabalik dute izen ematea.

Martxoaren 3an korrituko da Donostian Lilatoia lasterketa, eta Zumaiako Emakumeon Etxeak talde bezala parte hartzeko izena emango du. Azken hiru urteetan talde handienen sailkapenean sartu da, eta aurten ere erronka horri eutsi nahi diotela azaldu dute.

Lasterketa honetan Emakumeon Etxearekin parte hartu nahi dutenek formulario hau betetzea besterik ez dute egin behar: https://forms.gle/bpmm4fwHfAgqfJQz8. Formulario honen bidez apuntatzen direnek dortsalak eta kamisetak Emakumeon Etxean jasotzeko aukera izango dute.

Behin formularioa beteta, diru sarrera egin beharko dute Laboral Kutxako ES65 3035 0037 43 0370054560 kontu korronte zenbakian (onuraduna: Zumaiako Emakumeon Etxeko Elkartea-eme8). Sarrera egiterakoan kontzeptuan 'Lilatoia' eta parte hartzailearen izen-abizenak arri beharko dira. "Transferentzia jasotzen dugunean egingo dugu izen ematea, eta orduan iritsiko da korreoetara izen-ematearen egiaztagiria", azaldu dute.

Donostiarako joan etorria autobus publiko bidez egingo dutela adierazi dute antolatzaileek. Bueltakoan, bazkari herrikoia egingo dute. Beraz, izena ematerakoan adierazi beharko da lasterketan parte hartuko duten bakarrik, edo bazkarian ere izango diren. Prezioa 14 euro izango da Lilatoian parte hartzeagatik, eta bazkarira ere joanez gero 24 euro izango da prezioa (lasterketako inskripzioa barne).

Lasterketa prestatzeko entrenamendu saioak egingo dituzte asteazkenero, 18:30ean, Emakumeon Etxetik abiatuta. "Entrenamenduetan parte hartzera amimatu nahi ditugu emakumeak, giro ederrean elkarrekin korrika egin eta Lilatoirako indarrak hartzeko!".