'Sasi Ageda bezperako eskea' egingo du Korokoiak taldeak otsailaren 4an

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 18a, 08:00

Kantu tradizionalei letrak aldatzeko tailerra eta entsegua egingo ditu talde berri honek otsailaren 4ko kantu kalejiraren aurretik.

Urte askoan atera izan dira zumaiarrak kalera Santa Ageda egun bezperan eskean. Haur zein heldu, koplatan aritu dira kalez kale. Aurten, herrian sortu berri den Korokoiak taldea aterako da kalera, Sasi Ageda bezperako eskea bezala izendatu duten kantu kalejiran. Otsailaren 4an egingo da, 16:00etan hasita eta Beheko plazatik abiatuta.

Taldeak azaldu duen bezala, "eske festa kalekumea" izango da Sasi Agedako eskea, "baserrietatik pasa gabe egingo duguna. Koplak zaharberrituko ditugu, tradizioa gurera moldatzeko. Ospakizun eguna izango da eta, nola ez, kantuan taldean aritzeko aitzakia". Sorpresak izango direla ere nabarmendu dute antolatzaileek.

Eskeko kalejira prestatzeko, aurretik bi saio egingo dituzte gaztetxean. Batetik, urtarrilaren 25ean, kantu tradizionalei letrak aldatzeko tailerra egingo dute. Otsailaren 2an, berriz, entsegua izango dute. Bi hitzordu hauek 18:30ean egingo dituzte Torreberri Gaztetxean.

Bi ekitaldi hauek antolatu dituzte, baina Korokoiak taldeko kideek azpimarratu dute ez dela beharrezkoa bertara agertzea igandean eskean ateratzeko. "Etortzeko baldintza bakarra gogoa izatea da, eta kalean jotzeko moduko instrumenturen batekin animatuz gero, zoragarri!". Egunean bertan arropa tradizionalekin egindako "look friki edo estiloso propioa" eramatera ere animatzen dute.