Hamaika argi gure euskarari

Abertzaletasunean babes

Imanol Azkue Ibarbia 2024ko urt. 21a, 09:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

2023ko abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen artikulu hau.

Euskal Pizkundea jorratu genuenean (iraileko zenbakian), ikusi genuen zenbateko indarra hartu zuen euskararen aldeko pentsamenduak eta kontzientziak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Orduan jaio zen, baita ere, abertzaletasuna ideologia politiko gisa, Sabino Aranarekin, eta merezi duelakoan, aparte ikusiko dugu nolako harremana izan zuten abertzaletasunak eta euskarak gurean, nola babestu zuen batak bestea1.

Abertzaletasuna Zumaian hasteko eta sendotzeko, erabakigarriak izan ziren Bilbo ingurutik Zumaiara udara pasatzera etortzen ziren udatiar batzuk. Haien laguntzaz, EAJk batzokia sortu zuen Erribera/Mari kalean (gaur egungo Inpernupen, Prebostenekoa2 izeneko etxean), 1909an, baita udal hauteskundeetan lehen zinegotzia lortu ere, urte berean. Harrezkero, alderdia eta abertzaletasuna indartuz joan ziren, eta 1931tik aurrera, alderdi abertzaleak nagusi izan dira hauteskundeetan Zumaian.

Aurreko batean ikusi genuen bezala, oro har, alderdi politikoak bat etorri ziren euskararen alde Zumaian, inor ere ez zegoen aurka, baina aldeko jarreretan bereziki nabarmendu ziren EAJko zinegotziak, zenbait eskaera eta proposamenekin: Zumaiako Udal Artxiboko materiala uztea euskararen inguruko ikerketa egiteko, Aldundiari ediktuak euskaraz ere egiteko eskatzea, herriko eraikin ofizialetan eta kaleetan euskarazko errotuluak jartzea, herriko musika bandak euskarazko kantak ere jotzea, plenoetan euskaraz ere hitz egiteko eskubidea aitortzea… Hauxe adibide bat, 1917an: "A moción del Concejal Sr. Aramendi, exponiendo se acuerde la libertad de hablar en vascuence y castellano a gusto del que haga uso de la palabra en las sesiones del Ayuntamiento; se acordó como se pide"3. Horrez gain, Batzokia euskara bultzatzeko gune garrantzitsua izan zen: euskara ikasteko edo hobetzeko klaseak, antzerki emanaldiak euskaraz… Beste alderdi politikoen bilguneetan ere izaten ziren antzeko emanaldiak, baina gaztelaniazkoak, eta hori kritikatu egiten zuten jeltzaleek prentsan, egun batean gaztelaniaz, hurrengoan euskaraz: "Con motivo de las pasadas fiestas, en los círculos de la villa se han dado diversas veladas teatrales. En el batzoki se pusieron en escena, por Año Nuevo, las obras Sasieskola, Motxa erriyan y Gorgonioren estuasunak. En los demás centros se dieron obras erdéricas"4; "Urteberri egunean emengo iru Batzokietan izan ziran arratz jayak; gurian euzkel-erriyari dagozkion bezelakoak, euskerazkoak, beste bietan Valladolid’en bezela ta gu bezin euskeltzeliak ta euzkeldun onak diote dirala"5

Primo de Riveraren diktaduraren garaian (1923-1930), ordea, alderdi politikoak legez kanpo geratu ziren, eta orduan abertzaletasunak beste jarduera eremu batzuk bilatu zituen, eta kulturaren arloan aritu ziren euskaltzaletasuna bultzatzen. Zumaiako abertzaleek ez zuten antzerki emanaldirik antolatu, baina beste batzuek (adibidez, Luistarren Kongregazioak) eginiko lana gertu-gertutik jarraitu zuten, baita abertzale askok parte hartu ere. Izaera euskalduneko antzerkiak izaten ziren, Batzokian lehen egiten zirenen estilokoak, horietako asko euskaraz.

Jeltzaleek gaztelania mehatxutzat jotzen zuten euskararentzat, eta arriskuan ikusten zuten XX. mendeak ekarri zituen eraldaketa sozioekonomiko eta kultural sakonen ondorioz. Horregatik, ahalegin berezia egin zuten euskara gordetzeko, sustatzeko eta zabaltzeko. Eginkizun horretan, zutabeetako bat prentsa izan zen, eta zailtasunak zailtasun (batez ere idazleetako asko ez zeudelako euskaraz alfabetatuta), errotatiba abertzaleetako idatzi gehienak euskaraz egin zituzten. Prentsa etengabe erabili zuten euskararen alde egiteko, batez ere Gipuzkoarra eta Euzkadi egunkarietan, eta zumaiar askok idatzi zuten, baita kanpoko batzuek ere, Zumaian uda pasatzen zutenek; gehienek, gainera, ezizenekin sinatzen zuten: Emengua (edo Miguel Trueba, urte askoan zinegotzi izana), Txantxangorri, Itsasondo, Zumaiatarra, Egiya, Talai-Mendi, Neu naiz, Artadi, Arritokieta (Julene Azpeitia)…

Prentsako adibide batzuk ekarriko ditugu hona; lehenean, parrokoari eskaera, meza nagusiaren ondoren udaletxean egiten zen bilerako otoitza euskaraz egiteko:

TXAUNBURU [ERRETORE] JAUNARI ESKAERA BAT

Eskaera au egitea etzait neri jayo, baña neuretzat egiten det, bidezkua dalako, ta da, jai aundietan Jaupa [Meza] nagusi ondorean Udalian egiten dan bilketan amabitako otoitza (Angelus), arren, euzkeraz esan dezala. Euzkera da gure ele garbia, birao gabekua, ta ez dago ondo geuk utzi gure izkuntz ona, ta erakutsi ta agertzia besteren ele, birao ta zatarkeriak ekarri dizkiguna erabiliaz egun aundi ta batzar garrantzidunetan; ikas bidea emain daigun, jauna, ta barkatu6

Beste honetan, berriz, musika bandako kideak ez omen zeuden pozik ordaintzen zietenarekin, eta bide batez euskal kantak jotzeko eskaera egiten zen:

EZ DAUDE POZIK

Entzun det emengo eresbatzakuak [musika bandakoak] ez daudela pozik Udala’k ordaintzen duan txindigaz [diruarekin] ta oporketa [lanuztea] egiteko asmoetan izan bear dutela. Mutillak, obe dezute elkar aitu edo konpondu orretara jo baño len. Eta hurrengo aldiz enparantzan jotzen dezutenean ia gure aberriko eresi [abesti] ederrak dituzuten.

ALGORRI7

EAJkoek ekitaldietan euskaraz hitz egiteko ahalegina egin zuten, baina ez zuten beti lortzen, eta batzuetan kontraesanak nabarmen geratzen ziren; hauxe idatzi zuen, adibidez, Inazio Eizmendi Basarrik, batzoki berriaren inaugurazioa zela-eta, 1932an, espero baitzuen Zumaia bezalako herri euskaldun batean hizlariek gehiago egingo zutela euskaraz: "Monzon ez azaltzeak naigabetu ninduan, ikusirikan zumai dan bezelako uri batian, bi erderaz mintzatzen zirala ta bat euskeraz"8.

Hona hemen beste adibide bat, luzea baina oso argigarria, euskararen erabilera eta gaztelaniaz jakin beharra mintzagai hartuta:

"Zumaya"tik

Irakurle: emen natorkizu lengo ariari jarraitzeko asmoan. Oroituko zera nola esaten nuben Zumaia’ko gaztedia euskel gaietan atzeraka dijoala; umeak batez ere neskatxoak erderaz mintzatzen dirala, eta lekaimeen [mojen] ikastetxeetan dabiltzan umeak otoitzak ere erderaz egiten dituztela ez Kistar-Ikasbidea (dotriña) ez otoitzik ulertzen, eta gaitz onen sendaia gure eskuetan dagoala.

Uri ontako biztanleak amarretik bederatzi euskaldunak gera, eta asko, izenez bada ere, euskaltzaleak. Euskaltzale benetakoak bagiñake, saiatuko giñake euskeraren alde zerbait egiten, euskeraz mintzatuko giñake beti, bai lagun artean, bai etxean, gure umeakin gure otoitzak egingo ginduzke euskeraz, au da, euskeltzaletasunean bizitzen saiatuko giñake… baña…

Erdera ere bearrekoa da ta… gure umeak orain erderaz ikasten ez badute gero ez dute ikasiko ondo… ta orain gazteak dauden bitartean erakutzi bear diogu. ¿Ta zeñek esan dizu erdera bearrekoa ez dala? ¿Ta erdera ikastearren euskera alde batera utzi bear dala? Guziok ikusten deguna da, txikitan erderaz aritzen diranak gero ere erderaz jarraitzen dutela, eta askotan, emen bertan ikusten deguna da, erderaz ikasi ez eta euskeraz aztu, ez bata ta ez bestea.

Erderaz txikitan ikasten ez badute gero ez dute ondo ikasten da… Ori ez da egia. Au idazten dunak amaika urtekin ez zituan bi itz zuzen esaten erderaz, baña bate arotasunik gabe esaten du, ez daukala lotsik iñoren aurrean erderaz egiteko. Eta ni bezela beste emen bertan. Ori iñork ukatu ezin leiken gauza da. Ta euskera ¿noiz ikasi bear dute? Gero erderaz mintzatzen, erderaz oldozten [pentsatzen], erderaz irakurtzen eta idazten ikasi ondoren? ¡Ka! Oker zaude, orrela oldozten badezu. Orduan errezago egingo erderaz, eta euskera alde batera utziko du, eta ara euskaltzale bat gutxiago, naiz euskaltzalea dala esan, naiz alderdikidetuta egon.

Eta ori gertatzen zaigu gaurko gaztediarekin, eta gaitz oni sendagaia lenbaitlen ematen ezbadiogu, aurrerako bideak itxitxen ez badiogu, emendik amar amabost urtera, Zumaya’n euskeraz jakingo dute amar gaztek bi edo iru umek eta zarrak bakarrik.

Bañan, esango du batek baño geiagok, ¿non da sendagai ori, nola ibilli beardegu, eta noiz eman bear zaio gaixoari?

Gaurkoa luzetxo dijoa, eta laster azalduko det nire asmoa.

ZIRI9

Gainera, abertzale asko izan ziren euren izena euskaraz idazten hasi zirenak edo seme-alabei euskarazko izenak jarri zizkietenak. Horretan, zailtasun ugari izan zituzten, batez ere elizan, bataiatzean; adibidez, 1911n, Zumaiako parrokoak, Manuel Gabriel Beobidek, uko egin zion ume bati Miren Iziar Narkise izena jartzeari, eta bataioko aktan hau idatzi zuen: "… a quien impuse los nombres de María Iziar y Narcisa que según dicen es en vascuence Miren Iziar Narkise"; edo 1919an, hauexek zekartzan Euzkadi egunkariak: "Igaro dan urtian jayo dira erri onetan irurogeita amalau, auetatik saspik euzkel-izenak dituzte"10; "Atzo entzun nuan emengo basa-txono [ermita] Deun Mikel Artadikoan baserriko ume bateri ezarri diotela izena ‘Gotzon Miren’ euzkerazko polita. Ez det oraindik entzun nor dan baserritar ori, bañan emendik ematen dizkat zorion agurrak, dana dalakuari"11.

Euskarazko izen propioak, euskara erabiltzeko eta sendotzeko neurriak, euskaldun izatearen kontzientzia… Abertzaletasunaren bizkarrezurra zen euskara, eta haren abaroan babestu eta indartu zen XX. mendearen hasieran, harik eta 1936an Gerra lehertu zen arte.