Gidari izateko trebakuntza ikastaroa antolatu du Geoparkeak

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 16a, 08:00
Geoparkearen inguruko alde teorikoa eta praktikoa eskainiko dute ikastaroan. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Ikastaroa otsailaren 13an, 27an, 29an eta martxoaren 1ean emango da, doakoa izango da, eta jardunean dauden gidariei edo Geoparkean gidari lanak egin nahi dutenentzat dago pentsatua.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak gidari izateko trebakuntza ikastaroa antolatu du otsailerako eta martxo hasierarako. Saio hauen helburua Geoparkeari buruzko oinarrizko ezagutza jorratzea eta bertak0 ondare naturala eta kulturala ezagutaraztea dela diote sustatzaileek. Ikastaroa Geoparkea gidari lanetan ari direnei edo etorkizunean gidari lanetan jarduteko interesa dutenei zuzenduta dago.

Jarduerak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu. "Alde teorikoan, parte-hartzaileek Geoparkearen balio nagusiei buruzko kontzeptu teorikoak ezagutu eta aztertuko dituzte, haren funtzionamendua eta Geoparkeen Munduko Sarea hain zuzen ere. Alde praktikoan, berriz, parte hartzaileek Geoparkeko hainbat bisita gidatu egiteko aukera izango dute, ibilbide bakoitzaren interpretazio-diskurtsoa eta egitura lantzeko asmoz".

Hala, prestakuntza teorikoko saioa otsailaren 13an egingo da, 16:00etatik 19:00etara, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan. Irteera praktikoak, berriz, otsailaren 27an eta 29an, eta martxoaren 1ean egingo dira, 10:00etatik 19:00etara. 
Izen-ematea 

Ikastaroaren plazak mugatuak dira eta, gehienez, 25 lagunek hartu ahal izango dute parte. 25 eskaera baino gehiago jasoko balira, Geoparkeak aukeraketa bat egingo du. Hauek izango dira kontuan hartuko diren merituak:

  • Titulazio akademikoa. 
  • Hizkuntza egiaztagiriak. 
  • Gidari lanean esperientzia izatea. 
  • Jarduerarekin loturiko beste meritu batzuk 

Parte hartzeko interesa dutenek CV laburtua eta interesa azaltzen duen gutun bat bidali behar dute geoparkea@geoparkea.com posta elektronikok helbidera, 2024ko urtarrilaren 30 baino lehen. Izen ematea doakoa da, eta ikastaroa euskaraz eta gazteleraz emango da.

Akreditatua izateko ikasleek gutxienez ikastaro-orduen %80 bete behar dute. Antolatzaileek argitu dute ez dela titulu ofizial bat eta akreditazioak Geoparkeko bisita gidatuak egiteko gaitzen duela soilik.