"Lortu duguna pentsaezina izango litzateke duela sei urte"

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 15a, 15:16

Pentsiodunak duela sei urte hasi ziren mobilizatzen Espainiar estatu mailan. Zumaian, udaletxe aurrean egin zituzten lehen elkarretaratzeak, eta handik Saregile plazara jaitsi ziren. Gaur mobilizazioen hasieraren seigarren urteurrena ospatu dute.

Zumaiako pentsiodunen mugimenduko kideak fin-fin elkarretaratu dira astelehenetan, hasiera batean, pentsio minimoen igoera erreklamatzeko. Duela sei urte hasi zituzten mobilizazioak, Euskal Herriko eta Espainiar estatuko beste hiri eta herri askotan egin bezala. Denborarekin, elkarretaratzeen gunea aldatun zuten, udaletxe aurretik Saregile plazara, baita erreklamazioak handitu ere.

Gaur bete dira sei urte mobilizazioak hasi zituztenetik, eta ospakizun moduan egin nahi izan dute asteleheneroko elkarretaratzea. Hala, txistor pintxoak eta sagardoa eman zaie Kofradiako plazatxora bertaratu direnei. Izan ere, eguerdi partean botatako euri zaparradak behartuta, Estalapean bilbu behar izan dute pentsiodunek.

Urte hauetan guztietan Zumaiako pentsiodunen bozeramaile lanetan aritu den Peio Enparanek azaldu duen bezala, urte hauetan izandako lorpenak "pentsaezinak" izango lirateke duela sei urte. Lorpen horien artean nabarmentzen dituzte 2013ko PPren erreforma indargabetzea, pentsio sistema publikoa guztiz bideragarria dela erakustea edo iraunkortasun faktorea indargabetzea. Lorpen horiek garrantzitsuak izanda ere, beste batzuk, pentsio minimoa 1.080 eurora igotzea, adibidez, oraindik lortu ez dituztela azaldu du, eta borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du.

Gogoan izan dituzte sei urte hauetan zendutako langile eta lagunak, eta "bidean geratu direnen" omenezko minutu bateko isilunea gorde dute bertaratu direnek.