Helduentzako eta haurrentzako antzezlan bana izango da asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 12a, 08:00
'Loti ederrak' antzezlaneko pasarte bat. (Glu glu)

Bertsoak, musika eta antzerkia uztartzen dituen Erik eta Win ikuskizuna izango da gaur. Igandean, berriz, Loti ederrak antzezlanaren bi emanaldi izango dira Zumaiako aretoan.

Bi antzezlan izango dira asteburu honetan Aita Mari aretoan, helduentzako eta haurrentzako bana. Modu honetan emango dio hasiera Udaleko Kultura Sailak antzezlan eta ikuskizunen neguko hiruhilekoari.

Bertso, musika eta antzerkiaren uztartzea ikusteko aukera izango dute gaur Zumaiako aretora bertaratuko direnek. 20:00etan hasita, Erik eta Win ikuskizuna izango da Aita Marin. nai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek euren baitako egiak eta esperientziak kontatuko dituzte, eta hain unibertsala den gai bat aztertuko dute: harremanak. Doinu berriak plazaratuko dituzte, bai eta kantu proposamen berriak ere. Hori guztia umorez zipriztinduta, eta Imanol Kamioren piano eta eskusoinuaren eta Aitor Atxegaren baxu zein gitarraren doinuek lagunduta.

Antzezlanerako sarrerak aurrez eros daitezke turismo bulegoan edo sarrerakzumaia.eus atarian. Arratsean bertan aretoko leihatilan ere izango dira salgai. Prezioa 6,20 euro da; 4,35 euro gazte txartelarekin.

Igandean, berriz, Loti ederrak antzezlanaren bi emanaldi izango dira Aita Marin, 12:30ean lehena eta 16:30ean bigarrena. Loti ederrak ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapena da. Eszenatokira eramateko ipuinaren alderdi sexistak eta tradizionalistak ezabatu dituzte bertsio berri honen arduradunek. Oraingo honetan, ipuin klasikoa gaur eguneko gai gatazkatsuenetako batez jarduteko baliatuko dute, hala nola, haur zein nerabeen sare sozialen menpekotasuna edota esklabotza. 

Sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan eta sarrerakzumaia.eus atarian. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira aretoko leihatilan. Prezioa 4,10 euro da.