'El regreso de las golondrinas' filmarekin hasiko da gaur zine forumeko neguko hiruhilekoa

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 11a, 09:00

Sei film emango ditu Ostarrenak gaur hasi eta martxoan amaituko den neguko zine forum zikloan.

Neguko zine forum hiruhilekoari hasiera emango dio gaur Ostarrena zine klubak. Urteko lehen saio honetan El regreso de las golondrinas film txinatarra emango du. Saioa 19:00etan hasiko da Aita Mari zinema aretoan.

Ma eta Cao dira Lu Ruijun zinemagilearen lan honetako protagonistak. Ma apal eta xumea, eta Cao lotsatia, beren familietatik kanporatu dituzte eta senar-emazte itunduak hartu behar izan dituzte. Orain indarrak batu beharko dituzte, eta bizitzeko etxe bat eraiki. Zoritxarraren erdian, elkarrekin lotura bat sortzen hasi da, bai Mak bai Caok, Lurreko zikloekin bat, aurrera egin dezaketen babesleku bat sortzen baitute.

Film hau 2022ko Berlingo zine jaialdian aurkeztu zuten. Urte berean, Valladolideko zine jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen.

Beste bost lan

Maiatzaren amaierara bitartean beste bost film ikusteko aukera izango da Zumaiako zinema aretoan. Canneseko jaialdian sari nagusia irabazi zuen Anatomia de una caida film frantziarra emango da urtarrilaren 25ean. Otsailaren 8an Ken Loach zinemagile beteranoaren azken lana, El viejo roble, erakutsiko da. Otsailean baita ere, baina 22an, Chlopi animaziozko film poloniarra ikusteko aukera izango da. Martxoan ere beste bi film emango dituzte: martxoaren 7an, Victor Iriarte zuzendari bilbotarraren Sobre todo de noche, eta hamabost egun geroago, hilaren 21ean, Aki Kaurismäki finlandiarraren Fallen leaves. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.