'Zirriborroak eta gero' ipuin bildumaz arituko da irakurle taldea gaur

Maria Maya Manterola 2024ko urt. 9a, 11:00

Hamar ipuin laburren bilduma izango du hizpide Irakurri matte taldeak, Uxue Alberdiren gidaritzapean. Alondegiko Moila gelan elkartuko dira, 18:00etan. 

Urte berria hastearekin batera ekingo dio neguko denboraldiari Irakurri matte irakurle taldeak. Gaur izango da lehenbiziko saioa: Zirriborroak eta gero, kontakizunak eta fabulak mundu posibleei buruz ipuin bildumaz arituko dira literatur zaleak. Alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten hamar ipuin laburren bilduma da, eta gaur egungo esperientzia zehatzetatik abiatzen dira ipuin horiek. Hamar idazleren lanak biltzen ditu. 

Alondegiko Moila gelan izango dituzte horiek guztiak hizketagai, gaur, 18:00etan. Uxue Alberdi idazleak gidatuko du saioa. 

Beste bi hitzordu

Neguan gutxienez beste bitan elkartuko da irakurle taldea. Otsailaren 13an Art Spiegelmanek idatzitako Maus liburuaz ariko dira Julen Gabiria itzultzailearekin batera, eta martxoaren 5ean, Agota Kristofen Koaderno handia izango dute hizpide.