[AURRERAPEN BIDEOA] Kalean da urtarrileko Baleike aldizkaria

Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 17:00

Bazkideek etxean jasoko dute egunotan, eta gainerakoek ohiko saltokietan eskuratu ahal izango dute, euro baten truke. Jurgi Taboada ekoizleak eta soinu ingeniariak hartu du urtarrileko Baleike aldizkariaren azala.

Jurgi Taboadak Ozen estudioan herriko eta herritik kanpoko musikarien lanak grabatu ditu azken hilabeteotan. Proiektu horiez eta datozenez aritu da elkarrizketan. Erreportajean, Cinto Gaztañagarena zen hortz klinikako erakusleihoko dekorazioak izan dira hizketagai. Hitz tantak atalean, Zumaienako ikasle Alain Castillo ageri da: nazioarteko matematikako lehiaketa batean parte hartu du zumaiarrak. Atal berri bat ere estreinatu da urte berriarekin. Izan ere, Imanol Manterola argazkilariak inguruko txorien irudiak argitaratuko ditu aurrerantzean Laboaren txoriak atalean.

Hori guztia eta gehiago aurkitu daiteke urtarrileko Baleike aldizkarian. Bazkideek etxean jasoko dute egun hauetan; bazkide ez direnek ohiko saltokietan aurkituko dute euro baten truke: Aizpurua liburu dendan, A3n, Agurtzane okindegian, Arkupe okindegian, Mandalan eta Amaia plazako Ogi Berri okindegian.