Urko Ostolazak eta Aritz Garikanok irabazi dute Gipuzkoako txapelketa, larruzko paleta modalitatean

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 7a, 15:40
Lau pilotariak klubeko kideekin eta udal ordezkariekin Aitzuriko finalean. (Juan Luis Romatet)

Ezker hormako kluben arteko Gipuzkoako txapelketako finala jokatu da gaur eguerdian Aitzuri pilotalekuan, jubenil mailan, larruzko paleta modalitatean. 

Zumaiako Kirol Elkarteko bi bikote neurtu dira gaur eguerdian Aitzuri frontoian, ezker hormako kluben arteko Gipuzkoako txapelketako finalean. Jubenil mailako partida izan da gaurkoa, larruzko paleta modalitatean. Txapelketako finalera herriko bi bikote heldu izanak pozez bete ditu Zumaiako Kirol Elkarteko kideak, partidaren amaieran, sari banaketaren unean adierazi duten bezala.

Herriko bi bikote, Zumaia 1 eta Zumaia 2, frontoi luzeko kantxan. Urko Ostolaza eta Aritz Garikano aritu dira Zumaia 1 izenpean, eta Jokin Beristain eta Joel Martin Zumaia 2 bezala. Lehenak gerriko gorriz aritu dira, eta urdinez bigarrenak.

Hasieran berdintasuna izan da nagusi, eta berdinketak bata bestearen atzetik etorri dira. Markagailuan launako berdinketa zegoenean, gorriek aurrea hartu dute eta 10 eta 4 emaitzarekin jarri dira aurretik. Urduri ziren urdinak, seguruago gorriak. Partida aurrera joan ahala aldea handitzen joan dira Ostolaza eta Garikano: 13 eta 5, 17 eta 6, 21 eta 9. Une horretan bizi izan dira tanto ikusgarrienetakoa: bi hormakoak, zabalera botatako pilotakadak, kantxaren atzealdera bidalitakoak...

Beristain eta Martin ez dira, baina, aldea murriztu eta markagailuan hurreratzeko gai izan, eta partida 35 eta 15 emaitzarekin bukatu da Urko Ostolaza eta Aritz Garikanoren alde. Beraiek dira, beraz, modalitate honetako Gipuzkoako txapeldunak.