Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurkeztu dute Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 4a, 09:21
Etxape zentro sozialistan egindako aurkezpen saioko une bat. (EHKS)

Atzo arratsaldez egin zen aurkezpen ekitaldia Etxape zentro sozialistan. Abenduan martxan jarri zuten mugimendu politikoaren nondik norakoak eman zituzten bertan.

Iazko abenduaren 16an aurkeztu zuten Eibarko Astelena pilotalekuan Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, mugimendu sozialistaren erreferente politiko eta antolakunde nagusi izateko asmoarekin. Azken asteotan herriz herri egin dituzte aurkezpen ekitaldiak, eta atzo arratsaldean Zumaian egin zuten, Aita Mari auzuneko Etxape zentro sozialistan, hain zuzen ere.

Kontseiluko kideen esanetan, mugimenduaren bozeramaile lanak egiteko helburua izango du sortu berri duten proiektu honek, eta komunismoa langileen artean "hegemoniko bihurtzea" izango du asmo nagusienetakoa. "Azken urteetan gorpuzten ari den alternatiba sozialista egonkortzera eta langileriaren sektore guztietara zabaltzeko bidean pauso garrantzitsu" bezala definitu dute Euskal Herri mailako proposamen berri hau.