Bikoitza izango da biharko Gabonetako Xake Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 27a, 12:30
Oxford aretaon jokatutako xake txapelketa bat. (Baleike)

Alondegiko Oxford aretoan jokatuko dute, eta, lehiaketa orokorraz gain, haurrena ere antolatu du Kbi klubak. 16:00etan hasiko da.

Xake zaleen topaleku bilakatuko da bihar Alonedigiko Oxford aretoa beste urte batez; izan ere, bertan jokatuko dute Kbi Zumaiako xake elkarteak antolatutako Gabonetako Xake Txapelketa. Taldeak jakinara duenez, haurrentzako txapelketa ere antolatu dute jokalari gaztetxoenei ere kirolaz gozatzeko aukera emateko; izan ere, txapelketa orokorrerako plaza guztiak bete dituzte 80tik gora lagunek izena eman ondoren. Jakinarazi dutenez, itxaron zerrenda osatu behar izan dute.

Hori horrela, 6 eta 8 urte bitarteko hamar haur inguru nor baino nor arituko dira 16:00etik aurrera dominen lehian. Txapelketa orokorra, berriz, 17:00etan hasiko da eta bertan ere hainbat adin txikikok parte hartuko dutela zehaztu dute antolatzailee. Nolanahi ere, "maila altuko" txapelketa izango dela aurreikusi dute eta kanpotik etorriko dira parte hartzaile gehienak. Euskal Herrikoak izango dira batik bat, baina Andaluziakoak, Madrilgoak eta Kataluniakoak ere badaude tartean.

Gabonetako saskiekin sarituko dituzte xake jokalari onenak. Hala, 100 euroko balioa duen saskia jasoko du irabazleak, 75 eurokoa bigarren sailkatuak eta 60 eurokoa hirugarrenak. Horrez gain, lehenengo zumaiarrari, lehenengo emakumeari eta lehenengo gazteari saskiak emango dizkiete.