Jendetsua izan da Olentzero eta Gomezagoren ongietorria

Jabi Gonzalez Toston - Andoni Elduaien 2023ko abe. 25a, 10:00

Erribera kalea nahiz Amaiako plaza bete zituzten herritarrek Gabon Gaueko bi protagonistei harrera egiteko eta abesteko.

Urtebete igarota, Olentzero eta Gomezago berriro elkartu ziren atzo eguerdian Zumaiako herritarren aurrean. Arranplan egin zuten topo eta besarkada estua eman zuten gaueko lanei ekin aurretik. Nolanahi ere, haurrek ere izan zuten egoteko tarterik; zeren, Amaiako plazan txoko ederra jarri zioten eroso egoteko eta herriko txikiekin argazkiak ateratzeko. Haurrek, gainera, abestu egin zieten trikitilarien eta pandero jotzaileen laguntzarekin eta gozokiekin adierazi zieten esker ona Olentzerok eta Gomezagok.