Betea izan da 'The Blue Brothers' musikala

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 24a, 10:30

Dantza, zuzeneko musika eta antzerkia bateratu dituzte ikuskizun bakarrean Astindu dantza taldeak, Zumaiako Musika Bandak, Virginia de la Casa eta Aitor Salaberri abeslariek, musika eskolako banda txikiak eta antzerki eta kantu eskoletako ikasleek. Bi saio eskaini dituzte eta ikusmin handia sortu dute.

Jende andana bertaratu zen atzo Aitzuri pilotalekura The Blue Brothers musikalaz bertatik bertara ikusteko. Horren erakusle da, 18:00etako saiorako sarrera guztiak agortu zirela eta 20:00etako saioan ere apenas geratu zela eserlekurik hutsik. Bertaratu zirenek gozatua hartu zuten, gainera. Horren erakusle da harmailetan zegoen ikusle bat baino gehiago dantzatzera animatu zela emanaldiaren amaieran.

Astindu dantza taldeko kideak izan ziren protagonista nagusiak, baina ez artista bakarrak; izan ere, Zumaiako Musika Bandarekin elkarlanean prestatu zuten emanaldia eta Virginia de la Casa eta Aitor Salaberri abeslariek, musika eskolako banda txikiko kideek eta antzerki eta kantu eskoletako ikasleek ere izan zuten azpimarratzeko moduko parte hartzea. Azken finean, guztien ekarpenak izan ziren ezinbestekoak atzoko emanaldia hain betea izan zedin; zeren, denetarik izan zuen: Dantza, zuzeneko musika eta antzerkia.

Hori horrela, Pavis Beiras koreografoak irakatsitako mugimendu sortarekin Astindukoek eskaini zuten erakustaldiarekin ez ezik, Musika Bandak jarritako doinuekin eta aipatu abeslarien ahots indartsuekin gozatu zuten bertaratuek. Kantu eskolako ikasleak arduratu ziren koruak egiteaz eta aktoreak, berriz, umorearen bitartez saioari arnasa emateaz. Azken horrek, publikoa entretenituta zegoen bitartean arropaz aldatzeko tartea izatea ahalbidetu zien dantzariei eta atseden hartzeko tartea eskaini musikariei.

Bada, The Blue Brothers musikala posible egin duten horiei guztiei esker ona adierazteko oroigarri bana eman zieten Astinduko kideek saioaren amaieran. Publikoak, aldiz, txalo zaparrada ozenarekin erantzun zuen.