Luis Egañak eta Mikel Urangak irabazi dute bart jokatutako Mus Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 23a, 14:30

26 bikote aritu dira nor baino nor Sarek antolatutako deman, eta, inguruko herrietatik etorritakoak izan dira tartean. Nolanahi ere, sari nagusi etxean geratu da.

Zumaiako Sarek bart eman dio hasiera Gabon garaian antolatu ohi duen ekimen sortari. Zehazki, Mus Txapelketa izan da abiapuntua, eta, Luis Egaña eta Mikel Uranga zumaiarrek irabazi dute. Orotara, 52 lagunek hartu dute parte karta jokoan, Inpernupe elkartean eta Nikol tabernan banatuta; izan ere, 26 bikotek eman dute izena. Herrikoak bertakoak izan dira gehienak, baina zian dira kanpotik etorrtiakoak era, tartean, Hernanitik etorritako bi bikote.

Garaileek, Ubera jatetxean bi lagunentzako afaria eta txerrikumea jaso dituzte sari gisa. Edonola ere, podiuma osatu duten beste bi bikoteak ere ez dira esku hutsik geratu: txapeldunordeek txerrikumea eta bi ardo botila jaso dituzte eta hirugarren sailkatuek beste bi ardo botila.

Lehiaz harago, gau atsegina pasatu dute parte hartzera animatu direnek; izan ere, giro onean jokatu dute txapelketa.

Argazkiak: Zumaiako Sare