Gabonetarako auzolanean

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 24a, 09:00


Orain hamar urte Zumaiako Udalak hartu zuen Gabonetako ekitaldiak antolatzeko erronka, ordura arte jarduera horiek antolatzen zituen Txepetxa elkarteak lan horietan ez zuela jarraituko esan ondoren. Udala ez da bakarrik aritu, ordea, eta prestaketa lan horietan lagundu dute hainbat herritarrek: desfilerako karrozak egiten, arropak prestatzen, musika jotzen... Zumaiar horietako batzuei eman die hitza Baleikek intxaur-saltsa eta mazapan usaina duen erreportaje honetan.

Erreportaje hau abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Janari dendetan turroiak, mazapanak eta panettoneak agertzen badira; saltokiak txukun-txukun atondu eta erakusleihoak produktu distiratsuz betetzen badituzte; eta herriko kaleak argiteriarekin eta bozgorailuekin janzten badituzte, ez zalantzarik izan: Gabonak gainean ditugun seinale garbiak dira. 

Hala, aste gutxi batzuk barru, Gabon giroan murgilduko da Zumaia. Erregeen kabalkada izango da, baita Gabon Koruaren kalejira ere; xake txapelketa eta San Silvestre lasterketa; Zutrikek eta joaldunek lagundutako Olentzeroren kalejira... Zumaiako Udalarekin batera, herritar askok egiten du lan jarduera horiek antolatzen edo, behintzat, dena ondo joan dadin laguntzen. Gabonak sabela betetzeko egunak baino gehiago direlako.

Bernardo Tena eta Nerea Hernandez.
Haurren ilusioa bete nahian

Errege egun bezperan egingo den erregeen desfilea izango da Gabonetako ekitaldi jendetsuenetakoa. Azken urteotan bezala, Meltxor, Gaspar eta Baltasar itsasoz helduko dira herrira, eta behin lehorreratuta, karrozetara igota zeharkatuko dituzte herriko kaleak. Desfilean erabiliko dituzten karroza horiek prestatzen aritu dira, besteak beste, Bernardo Tena eta Nerea Hernandez.

Estazio auzoko Txepetxa elkarteak antolatzen zuen desfilea, eta Tena elkarteko presidentea zela erabaki zen erregeak karrozan aterako zirela. "Lehen zaldiz egiten zuten desfilea, baina animaliak menderatzeko arazoak izaten genituen; zaldiz atera ziren azken urtean erregeek ia errioan bukatu zuten", gogoratu du. "Hor erabaki genuen erregeak karrozan joango zirela, eta ez zaldi gainean". Gabonetako ekitaldien antolaketa lanetan aritu ziren hogei bat urtez, 2013. urtera arte. "Urte hartan bozketa bat egin zen elkartean ekitaldiak antolatzen jarraitu edo ez erabakitzeko, eta ezezkoa atera zen", dio Tenak.

Udalak hartu zuen ondoren lekukoa, eta dei berezia egin zien herritarrei ekitaldien antolaketan laguntzeko. Nerea Hernandez izan zen erantzun zuenetako bat. "Bilera ireki bat egin zen, eta parte hartu nahi nuela esan nuen". Desfilea zaldiz egitea erabaki zuten orduko agintariek; dromedario gainean egindako garaia ere izan zen. Txepetxaren babesik gabe jarraitu zuen Bernardo Tenak karrozak egiten. "Agintariek esan zidaten ea karrozaren bat egingo ote nuen. Esan nien bat egingo nuela, baina gehiago ez". "Lehen urte hartan karroza bakarra izan zen, erregaloena. Gero, dromedarioen esperientziaren ondoren, erabaki zen kabalkada berriro ere karrozetan egingo zela", jarraitu du Hernandezek. "Denon artean erabaki genuen hiru karroza egitea desfilerako", gaineratu du Tenak.

Hiru karrozetatik bi Hernandezek eta haren lagunek egiten dituzte. "Talde bat bildu ginen eta 2014ko karroza Jakintza elkartearen bidez egin genuen. Ondoren, elkarteak erabaki zuen ez zuela jarraitu nahi, eta lagun talde batek segitu genuen". Beste karroza Tenaren esku geratzen da. "Lehenbizi, zer nolako karrozak egingo ditugun pentsatzen dugu lagun batzuen artean. Ideia komun bat izaten dugunean hasten gara harekin lanean", dio Hernandezek. Tenak, berriz, ideia faltarik ez duela dio. "Hiru bat ideia nagusi izaten ditut, eta gero errealitatearen arabera, edo lortu dezakedan materialaren arabera, aukeratzen dut karrozarako gaia". 

Karrozetarako gaiak beti erregeetan oinarritzen dituzte: "Erregeen desfilea da, ez Inauterietakoa. Jartzen ditudan detaileak beti dira erregeei lotutakoak", dio Tenak. "Urtero aldatzen joatea eta gaia aurkitzea ez da erraza. Buelta asko eman behar zaizkio", jarraitu du Hernandezek.

Gabon hauetako desfilea oraindik egin ez bada ere, etorkizunera begira jarria da Tena: "Lan handia eskatzen du, baina ahal dudan bitartean jarraituko dut. Adin bat badaukat, baina gustura egiten ditut. Umeengatik egiten dut, ez beste ezerengatik".

Itxaso Urruzuno eta Jaione Ubigain.
Oihalaren atzean dagoena antolatzen

Eusebio Gurrutxagako Jaiotza Gabonetan bi egunetan zabaltzen dute: Gabon gau arratsaldean, eta erregeen desfilerako. Hori guztia behar bezala joan dadin saiatzen dira Itxaso Urruzuno, Jaione Ubigain eta Belen Rodriguez.

Udalak Txepetxaren lekukoa hartu zuenean animatu zen lagun taldea laguntzera. "Alabak aingeru bezala atera nahi zuen, kultur teknikariarekin hitz egin nuen. Haren erantzuna izan zen: 'badakizu zer egin behar duzun, lantaldera batu'. Eta halaxe hasi nintzen. Koadrilan komentatu nuen eta Jaionek berehala esan zidan baietz", dio Urruzunok. "Niri esan zidatenean agian erregeak ez zirela aterako, hor erabaki nuen lagunduko nuela", jarraitu du Ubigainek. 

Urriaren amaieran hasten dira Jaiotzan jarriko diren haurrak aurkitzen. "Hasieran, alabaren inguruko haurrak zirikatu nituen. Gero, katekesian ere ibili izan naiz, eta hortik ere tiratu izan dut", dio Urruzunok. "Artzain bezala egoteko lau edo sei haur behar ditugu. Neskak eta mutilak egotea nahi izaten dugu, baina mutilak erakartzea nahiko zaila egiten zaigu", azaldu du. Maria eta Joseren paperak egiteko gazteak aurkitzea are eta zailagoa dela onartzen dute biek ere. "Eskola bidaiarako laguntzaren ordez lortu izan dugu azken urteotan gazte hauek erakartzea".

Jaiotzan jarriko dituzten animaliak ekartzeaz udala arduratzen dela diote. "Lehen Belen joaten zen baserrietara arkume bila. Orain, Itxas-Gain elkarteak ere laguntzen digu, eta beraiek ekartzen dituzte animaliak. Behin behi bat menderatu ezinik ibili ginen, eta eraman egin behar izan zuten; urte hartan ez zen animaliarik izan Jaiotzan".

Jaiotza abenduaren 24an zabaltzen dute lehendabizikoz. 16:30ean elkartzen dira. "Itxas-Gainekoekin hesiak jartzen ditugu, eta geroxeago hasten dira haurrak etortzen", azaldu du Urruzunok. Ubigain arduratzen da umeak-eta ondo janzteaz. "Baserritar moduan jantzita etortzen dira. Batzuetan gurasoek ez dakite zapia jartzen, eta horrekin aritzen naiz ni. Gero etortzen dira San Jose eta Maria, eta horiek ere janzten ditugu. Belen gehiago egoten da animaliekin", zehaztu du.

Gabon gauean, 18:00ak aldera irekitzen dute oihala. Minutu batzuetan izaten da Jaiotza bistan. Ixten dutenean ura eta jatekoa ematen diete haurrei. "Ikusten badugu umeak nekatuta daudela, azkarrago ixten dugu oihala", azaldu dute. Erregeen desfileko arratsaldean bai, orduan jende ugari gerturatzen dela diote. "Normalean umeak oso formalak dira. Baina, Erregeen kabalgatarako ordubetez egoten da Jaiotza zabalik, eta hor bai, hor nekatu egiten dira". Eguna ere luze egiten dela onartzen dute. "Behin erregeak joaten direnean dena jaso behar da, animaliak baserrietara bueltatu… azkenean, berandutu egiten da". Hala ere, trago bat edo beste hartzeko denbora izaten dutela onartzen dute afaltzera joan aurretik.

Itxaso Curiel, Elena Prieto eta Coro Prieto.
Erregeak eder jartzen

Erregeak eta desfileko beste pertsonaia batzuk ahalik eta ederren egoteko lanak egiten dituzte Coro Prietok, haren alaba Itxaso Curielek eta iloba Elena Prietok.

Urte amaierako jarduerak antolatzeko ardura udalak hartu zuenean hasi ziren hiru senitarteko horiek ere laguntzen. "Orain hamar bat urte hasi ginen. Egunkarian irakurri genuen albistea, Gabonetako ekitaldiak antolatzeko herriko jendearen laguntza behar zela, eta hirurak apuntatu ginen, ama eta gu biok", dio Itxaso Curielek. 

Erregeekin eta pajeekin egiten dute lan; haiek atontzea da beraien lana, ez desfilearen egunean bakarrik, baita umeen gutunak jaso behar dituzten iluntzean eta Errege eguneko mezarako ere. "Prestatu egiten ditugu, makillatu, krema eman, orraztu… Urteekin gauzak aldatu dira eta orain politago daudela iruditzen zait”. Erregeak umoretsu egoten direla dio Curielek. "Uste dut beraiek ere bizi egiten dituztela egun horiek, eta beraiei ere gustatzen zaiela atontzeko momentu hori".

Hiru erregeek egun horietan egiten duten lana ondo baloratzen dute. "Ez da desfilea bakarrik; adinekoen egoitzetara joaten dira, etxeetara ere bai gaixoak bisitatzera… Pixka bat denetik egin behar dute, eta horretarako ere balio behar da".

Erregeak ez dira, ordea, makillatzaileen eskuetatik pasatzen diren bakarrak. "Erromatar bezala doazenei kokospekoak eta patillak margotzen dizkiegu. Erregeekin doazen pajeak ere makillatzen ditugu, eta kutxak eramaten dituztenak ere bai. 14:15 aldera joaten gara Itsas kiroldegira eta desfilea hasi arte aritzen gara lanean jo eta fuego".

Lehen urte hartan gida antzerako bat ere prestatu zuten, "gu ez bageunden-edo jakiteko nola makillatu behar ziren". Lanketa urtero antzerakoa bada ere, denborarekin gauza batzuk aldatzen joan direla diote. "Bizarrak-eta aldatu dira, berritu behar zirelako. Makillatzen ere ikasi egiten dugu, eta ikusten dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez". 

Behin desfilea amaitzen denean makillajea kentzeko unea heltzen da. "Guk umeak-eta ditugu, eta lan hori amak egiten du. Toallatxoak, xaboiak eta kremak ematen dizkie, eta makillajea kentzen laguntzen die guztiei".

Kabalkadak lan handia suposatzen badie ere, disfrutatzeko gai direla diote familiako gazteenek. Behin desfilea martxan jartzen denean, jendearen artean nahasten dira: "Builaka egoten gara, erregeei gozokiak botatzeko eskatzen!".

Iker Gonzalez eta Onintza Eizagirre.
Gabonei musika jartzen

Musikak, nola ez, izango du protagonismoa aurtengo Gabonetan ere. Ez bakarrik bozgorailuetatik entzungo diren doinuengatik, baita Gabon Koruak eta Zumaiako Musika Bandak beren ekarpena egingo dutelako ere beste urte batez.

"Gabon Korua zerbait berezia da Zumaian. Toki askotan ateratzen dira abesbatzak kantuan, baina leku gutxitan egongo da herriko talde bat, atzean elkarterik edo inor ez duenik", dio Iker Gonzalezek, koruko kideak. Behar puntual bati erantzuteko sortu zuten 1940ko hamarkadan, "Andazarrateko ospitalean zeuden Zumaiako gazte batzuei opariak erosteko. Pentsa orduko eta gaur egungo Zumaia zer desberdinak diren, eta hala ere, urtero ateratzen gara Gabon gaueko arratsaldean kantuan". Gonzalezen esanetan, kontaezinak dira bertatik pasatu diren herritarrak.

COVID-19aren izurriteagatik 2020an ez ziren atera. Haren ondoren, berriro aterako ote ziren zalantzak izan zirela azaldu du. "Pentsatzen genuen ateratzeko aukera gutxi egongo zela –esaten genuen 20 bat lagun bilduko baginen aterako ginela–; izen ematea zabaldu genuen, eta 80 lagun apuntatu ziren. Horrek erakusten du Gabon Korua Zumaian zer den".

Garaiarekin lotutako abestiek osatzen dute errepertorioa. "Jatorri desberdineko abestiak dira, euskarara moldatutakoak. Urtero abesti berri bat kantatzen dugu, eta azkenaldian Zumaiako abestiak ere kantatzen ditugu, korura moldatuta". Gonzalezek berak moldatu ditu abesti horietako batzuk. Azpimarratu du abesbatzako kideek beraiek idatzi dituztela korurako kantak. "Hor daude Valentin Manterolak idatzitako abestiak, Kanta kantari eta Belenen, urte askotan kantatu direnak; Mari Carmen Azpeitiak eta Mari Tere Ibarrak ere egin dituzte moldaketak".

Parrokian ematen duten kontzertu txiki batekin hasiko dute kalejira. "Horrek indar handia ematen digu. Han bai, han ondo entzuten da korua". Bukaeran, Erribera kalean, biltzen da jende gehien. "Jende horrekin guztiarekin, batzuetan zuzendariari tonua ez diozu hartzen". Kaleko momentu bat aukeratzekotan, Mari kalekoarekin geratzen da.

Gonzalezek ez du irudikatzen Gabon Korurik gabeko Gabonik Zumaian. "Izan genuen urte bat Gabon Korurik gabe, eta arraroa izan zen. Bueltatu da, eta indartsu, gainera".

Zumaiako Musika Bandako kide da Onintza Eizagirre, eta bere garaian Gabon Korua ere lagundu zuen txistuarekin. "15:00 aldera elkartzen ginen parrokian, eta gogoan dut kotxeetara igo eta auzoetara joaten ginela abestera. Gero denok bat egiten genuen, eta han sartzen ginen Erribera kalean".

Bi ekitalditan hartuko du parte Musika Bandak aste horietan: hasteko, Gabonak ate joka daudenean, Astindu dantza elkartearekin batera antolatutako musikalean joko du. "Bi urtean behin egiten den ekitaldi handia izaten da. Orain bi urte Mamma mia! musikal antzerakoa egin zen, eta aurten The Blues Brothersen tematikarekin egingo da. Guk musika jarriko dugu, abeslariak ere izango dira, eta Astinduko lagunek dantza egingo dute". Abenduaren 23an izango da Aitzuri frontoian, eta bi emanaldi izango dira: 18:00etan eta 20:00etan.

Halako ekitaldi handiak "lan handia" suposatzen duela dio, eta horregatik antolatzen dute bi urtean behin. "Lehenbizi gaia aukeratu behar da, gero abestiak, abesti horiekin zer dantza egin, horiek denak instrumentuetara egokitu… hori ezin da urtero egin". Musikalik ez dagoen urteetan Bandak ekitaldi bereziren bat eskaintzeko gogoa ere erakutsi du. "Lehen Eguberriko kontzertua izaten zen, baina urteak dira antolatzen ez dela. Iaz Gautena elkartearen aldeko kontzertu solidario bat eman genuen. Gabonei gure ekarpena egin nahi izan genien".

Bestetik, erregeen desfileko partaide izango da Musika Banda aurten ere. "Ekitaldi handia izaten da. Berezia da egun hori, eta badu bere xarma. Ume mordoa izaten da, eta duten ilusioa, duten poza… Horren parte izaten saiatzen gara". Bandak kabalkadan jotzen duen errepertorioari dagokionez, urte batzuetan zerbait desberdina jotzeko gogoa izan zela du gogoan. "Berriz lehengora bueltatu gara, eta nik uste ondo dagoela. Nik erregeen desfilea musika batekin eta danbor soinuarekin identifikatzen dut".

Encarni Gonzalez, Toñi Blazquez eta Lourdes Manterola.
Gogobetetasun pertsonala laguntzean

30 urtetik gora daramatza Toñi Blazquezek Gabonetan laguntzen, "Txepetxa elkartearen garaitik. Zuzendaritzak emakumeak ere inplikatzen zituen. Arropak prestatzen genituen, garbitu, konpondu, plantxatu… Gizonak, berriz, karrozak egiten aritzen ziren irailetik". Ekitaldiak gehiago ez antolatzeko Txepetxak hartutako erabakia ez zuen gustuko izan Blazquezek. "Bereak eta bi izan nituen elkarteko jendearekin. Nik, hala ere, jarraitu egin nuen. Halako harremana dut erregeekin, gogobetetasun pertsonalagatik egiten dudala".

Erregeak adinekoen egoitzetara, eguneko zentrora eta gaixorik dauden umeen etxeetara eramateaz arduratzen da. "San Juan egoitzan urte askoan boluntario lanak egin ditut, eta jendea ezagutzen duzu. Han sartzen nintzen esanaz erregeak zetozela, erregeak zetozela". Ilusioak begirada pizten ziela du gogoan, baita erregeek une gogorrak bizitzeko ere prest egon behar dutela. "Aiton-amonen egoerak errespetua eman dezake, baina hor ezin zara blokeatuta geratu; une horietarako zerbait berezia behar duzu barrenean". Esperientzia gogor baten lekuko ere izan zen: "Elkarteko lagun bat Onkologikoan zegoen. Kabalkada bukatzean erregeak eta denok Donostiara joan ginen, ospitalera, gaixoa bisitatzera. Solairuko pazienteak ere atera ziren; abisatuta zeuden ordurako. Gau magikoa izan zen. Lastima, laguna handik gutxira hil zen".

Osasun kontuak zirela medio, iaz ezin izan zuen lagundu. "Etxetik ikusi nuen kabalkada. Halako ezinegona sentitu nuen ezin nuelako han egon... Aurten bai. Miriamek [Romatet, udaleko kultura teknikaria] esan zidan kabalkadarekin hasita zeudela, eta ea parte hartuko nuen; baietz esan nion".

Kabalkadako kideak janzten eta arropak josten aritzen da Encarni Gonzalez. "15:00etan hasten gara, eta ateratzen diren arte egoten gara lanean. Lan asko dagoela ikusten badut bezperan hasten naiz, eta batzuetan, lagunei ere eskatu diet laguntza", azaldu du. Erregeak, danborrak jotzen dituztenak, musikariak… denak pasatzen dira bere eskutatik. "Tunikek neurri estandarra dute, eta partaideen altueraren arabera puntada bat edo beste eman behar diegu, dotore joateko eta estropezurik ez egiteko". Gazteak oso ondo portatzen direla dio. "Beraiek esaten digute guri ondo iruditzen zaigun bezala janzteko". Duela lauzpabost urte sartu zen laguntzaile taldean, eta "oso gustura" dabilela kontatu du. Egutegian gorriz margotuta du eguna: "Umeek bezainbesteko ilusioa izaten dut egun horretan".

Lourdes Manterola udalak deitutako bileran izan zen. "Galdetu ziguten ea zergatik geunden han; esan nien lagundu nahi nuela, ez nuela hau guztia galtzerik nahi, oso ohitura polita zela". Lehenengo urte hura zaila izan zela du gogoan. "Denontzako berria zen, eta Txepetxako jendea ere etorri zen laguntzera. Hala hasi nintzen, eta alabak ere animatu ditut laguntzera". Desfilea osatzen duten kideak janzten laguntzen aritzen da Manterola. Garai batean, lan egiten zuen enpresako –Tintorerias Rosi– furgoneta ere uzten zuen erregeak egoitzetara-eta eramateko. "Hurrengo egunetan arropak jaso, garbitu eta kaxetan gordetzen genituen hurrengo urtean erabiltzeko. Lanean jubilatu nintzen, baina hemen jarraitzen dut, gustuko zerbait dudalako".