Leihatila zabalduko dute Aitzurin 'The Blues Brothers' musikaleko 20:00etako saioko sarrerak saltzeko

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 22a, 12:00
Ikuskizuneko entsegua Aitzurin. (Astindu dantza elkartea)

Astinduren eta Zumaiako Musika Bandaren The Blues Brothers musikala taularatuko da bihar Aitzurin. 18:00etako saiorako sarrerak agortuta daude, baina 20:00etako emanaldirako oraindik geratzen dira.

Egun handia hurreratzen ari da. Bihar arratsaldez izango da Astindu dantza elkarteak eta Zumaiako Musika Bandak sortutako The Blues Brothers musikala ikusteko aukera. Ehun lagun inguruk hartuko dute parte dantzariak, musikariak, abeslariak eta antzezleak kontatuta.

Bi emanaldi izango dira arratsaldean zehar, 18:00etan lehena eta 20:00etan bigarrena. Lehen saiorako sarrerak berehala agortu ziren, baina 20:00etako emanaldirako oraindik ere geratzen dira. Sarrerak turismo bulegoan eskuratu daitezke, 9 euroan; 5 euroan 12 urte arteko haurren kasuan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egunean bertan Aitzuri pilotalekuko leihatila zabalduko dute 20:00etako emanaldirako sarrerak saltzeko. Leihatila 16:30ean zabalduko dute.