Musikaren onurak Gabon garaian ere

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 21a, 14:00
Oxford aretoan egin zuten ekintza Brankako erabiltzaileekin. (Zumaiako Musika eta Dantza Eskola)

Ikasturteko lehen hilabeteetan ikasitakoa jendaurrean erakutsiko dute Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleek gaur Aita Marin. Asteartean Brankako erabiltzaileen bisita izan zuten.

Ekintza desberdinak antolatu ditu Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak Gabon bezperarako. Hala, pasa den astelehenean Otezuri zentroan izan ziren euskal dantzetako eta trikitixako ikasleak bertako egoiliarren arratsaldea goxatzen. Asteartean, berriz, Brankako erabiltzaileen bisita izan zuten Alondegiko Oxford aretoan.

"Iaz hasi ginen proiektu honekin, Brankako erabiltzaileekin, baita Itsasargi programakoekin ere, eta oso ondo doan proiektua da", azaldu du Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Sofia Oriak. Iaz bi astean behin joaten ziren. Aurten, ordea, Brankara astero joaten dira. "Oso harrera ona izan dute musikako klaseek, eta bai klaseetarako bai emanaldietarako gogoz eta ilusioz egoten dira. Beraien motibazioa ikusita ikasturtian zehar emanaldi desberdinetan parte hartzeko plangintza bat daukagu", gaineratu du Oriak.

Jaialdia Aita Marin

Gabon garaiko ekintzekin jarraituta, gaur, 17:30ean hasita, Musika eta Dantza Eskolako jaialdia egingo da Aita Mari aretoan. Urtean zehar ematen dituzten klase desberdinetako ikasleak igoko dira aretoko oholtzara.