Korta enpresaren 60. urteurreneko ekitaldian izan da Iñigo Urkullu lehendakaria

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 20a, 15:00
Joxe Mari Kortaren oroigarrian elkarretaratu dira agintariak, eta enpresako eta Korta familiako kideak. (Irekia)

Korta enpresaren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Joxe Mari Korta industriguneko fabrikan. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea.

Korta enpresa sortu zutela 60 urte bete dira, eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia egin dute Joxe Mari Korta industrigunean kokatzen den faktorian. Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, besteak beste.

Korta familia zoriondu ondoren, enpresaren sortzaile izan zen eta ETAk hil zuen Joxe Mari Korta enpresaburua izan du gogoan lehendakariak. "Ziur nago Joxe Mari oso harro egongo zela duela 60 urte sortutako amets hura gaur zertan bihurtu den ikustean: enpresa lehiakor eta eredugarria, etorkizunera begira dagoena; eta harro ere bere Aberria zertan bihurtu den ikustean: XXIgarren mendeari ilusioz eta konplexurik gabe begiratzen dion herria", azaldu du Urkulluk.

Bere hitzaldian, aurrerapausoa eman duten ekintzaileen lana aitortu eta balioan jarri nahi izan du lehendakariak, eta azpimarratu du "etorkizunari ilusioz heltzen" diotela, "Joxe Mari Kortak egin zuen moduan".

"Askatasunaren sinbolo"

Korta enpresako instalakuntzak bisitatu dituzte agintariekin, eta enpresako buruekin eta Korta familiako kideekin ere bildu da Iñigo Urkullu. Fabrikaren aurrean, 2000. urtean ETAk jarritako bonba-autoa lehertu zen lekuan jarritako oroigarriaren aurrean elkarretaratu dira agintariak zein enpresako eta familiako kideak. "Hainbat hamarkadatan sufritu du herri honek; batzuek gure herriaren eraikuntza lanetik, ekintzailetzatik eta ahaleginetik egin behar ez zela ulertu zutelako, herriaren eraikuntza horretan ekintzaileek eta Joxe Mari bezalako enpresariek lekurik ez zutela ulertu zutelako", adierazi du lehendakariak.

Joxe Mari Kortaren figura goraipatu du Urkulluk. "Joxe Mari askatasunaren eta demokraziaren sinbolo bihurtu zen; ezberdinen arteko elkarrizketaren eta elkar-ulertzearen defendatzaile izan zen, langile nekaezina, zorrotza eta, aldi berean, eskuzabala; beti pertsona oro laguntzeko prest, horregatik, beti izango dugu Korta gogoan, eta beste behin, gure esker ona eta estimua adierazi nahi dizkiogu".