Abenduaren 28an jokatuko da Gabonetako xake txapelketa

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 20a, 17:30

Iazko txapelketako une bat. (Kbi xake kluba)

Kbi Zumaiako xake klubak antolatuko du txapelketa aurten ere, eta Alondegiko Oxford aretoan jokatuko da, arratsaldez. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago.

Xake partidak jokatuko dira abenduaren 28an Alondegiko Oxford aretoan. Izan ere, Kbi Zumaiako xake elkarteak Gabonetako xake txapelketa antolatu du aurten ere, eta iazko kopuruak errepikatzen badira, 80 xake jokalari bilduko dira Zumaiako kultur etxeko erakusketa aretoan.

Elkartea sortu eta berehala hartu zuen Kbik Gabonetako txapelketa hau antolatzeko ardura. Elkarteko presidente Aitor Sarasketaren esanetan, beraiek antolatzen duten seigarren edizioa izango da aurtengoa. "Aurretik Franek antolatzen zuen", dio Sarasketak orduko kirol teknikari Fran Aizpurua gogoratuz. Pandemia garaian ere txapelketa antolatu zutela gogoratu du presidenteak.

Euskal Herriko leku desberdinetako xake jokalariak bertaratzen dira egun horretan Zumaiara txapelketan parte hartzera. "Espainiako erkidego batzuetako jokalariak ere izan ditugu Zumaian, Gabonetan Euskal Herrira etorritakoak-eta", adierazi du Sarasketak.

Adin desberdinetako jokalariek hartzen dute parte, gaztetxoek eta helduek batera. "Lehen lehenbizi haurren txapelketa egiten zen, eta haren amaieran helduena. Baina asko luzatzen zen, eta azken urteetan denak batera aritu dira". Aurten, izen emateen arabera, aldaketa txiki bat izango dela ere aurreratu du Kbiko kideak. "Xakean hasiberriak diren jokalariek izena ematen badute, haiek aparte jokatuko dute, ez da eta justua beraientzako helduen aurka aritzea".

Partida modalitate azkarrean jokatuko dira, eta jokalari bakoitzak hiru minutu izango ditu mugimenduak egiteko. "Mugimendu bakoitzagatik bi segundo gehituko zaizkie jokalari bakoitzari".

Txapelketarako izen ematea zabalik dago jada. Interesdunek zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbidera idatzita eman dezakete izena, edo 630 93 70 41 telefono zenbakira deituta. "Egunean bertan izango da izena emateko aukera, beti ere lekuak bete ez badira. 80 xakelari baino gehiago ez dira sartzen aretoan".

Txapelketako irabazleak 100 euroko balioa duen saskia jasoko du; bigarren sailkatuak 75 euroko balioa duen saskia; hirugarrengoak 60 eurokoa, eta lehenengo zumaiarrarentzako, lehen emakumearentzako eta lehen gaztearentzako ere saski bana izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide