Bilduma anitza urte bukaerarako

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 20a, 13:00
Distirako kide Angel Aldalur eta Luis Mari Alkorta erakusketa muntatzeko orduan. (Juan Luis Romatet)

Argazki erakusketa kolektiboa zabalduko du gaur Distira argazki elkarteak Alondegiko Oxford aretoan. Elkarteko hamazazpi bazkidek parte hartu dute argazki banarekin. Zumaia lehen eta orain erakusketa ere gaur zabalduko da Alondegiko sarreran.

Urte bukaerarekin batera, Distira Zumaiako argazki elkarteak argazki erakusketa kolektiboa antolatu du. Urtarrilaren 5era bitartean izango dira ikusgai elkarteko kideek beraien kameren bidez ateratako irudiak Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa gaur zabalduko dute, 18:00etan.

Animalien irudi txundigarriak eta oporretan ateratako argazki ederrak; estudioan lortutako erretratuak eta naturak eskaintzen dituen une errepikaezinak. Lan horiek eta gehiago, hamazazpi guztira, ikusi ahal izango dira erakusketan. Distirako hamazazpi bazkidek parte hartu dute aurtengo bilduman, argazki banarekin. Hogeitik gora bazkide ditu gaur egun Distirak.

Zumaiako argazki elkarteak antolatzen dituen beste lehiaketa edo erakusketetan ez bezala, oraingo honetan ez dute gai zehatz baten inguruko argazkirik atera beharrik izan. Gai librea izan dute bazkideek, eta horrek bilduma bera anitzagoa bihurtzen duela iritzi dio Luis Mari Alkorta Distirako bazkideak. "Argazki denak gai jakin baten ingurukoak izango balira, monotonoa bihurtuko litzateke erakusketa. Gaia librea izanda, argazkilariok askatasuna izan dugu argazkiak ateratzeko edo ditugunen artean aukeratzeko», azaldu du. Hark pasa den udan Albaniara egindako bidaia bateko irudia aukeratu du. «Beti soinean daramat argazki kamera, eta oporretan ateratakoen eta hemen egindakoen artean aukeratu dut".

Distiraren erakusketa kolektiboa egunero bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara; asteburu eta jaiegunetan eguerdietan ere zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara.

Beste erakusketa sarreran

Distirarena ez da izango egunotan Alondegian ikusgai izango den erakusketa bakarra. Izan ere, Zumaiako herriak denboran zehar izan duen bilakaera ezagutzeko parada izango da Zumaia lehen eta orain argazki erakusketaren bitartez. Bilduma Algorri Interpretazio Zentroak prestatu du, eta Alondegia kultur etxeko sarreran izango da ikusgai gaurtik urtarrilaren 8ra arte.

Zumaia Ezagutzen proiektuaren barruan kokatzen da erakusketa hau. Argazki rallyan Zumaiako eta Oikiako ikastetxeetako LH3.mailako ikasleek parte hartu dute. Ikasle hauek herriko argazki zaharrak bildu dituzte, eta irudietan agertzen diren lekuak identifikatu ondoren, tokietara joan eta toki horietan aldaketarik izan ote den ikusi dute. Lekuetan ateratako argazkiak bildu, eta argazki zaharraren ikuspuntu antzekoena dutenak aukeratu dituzte boto bidez.