Francoren altxamendu faxistan hildako zumaiarrak oroitu dituzte

Maria Maya Manterola 2023ko abe. 16a, 15:30

Faxistek fusilatutako eta faxismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildakoen omenezko oroigarria ezartzearekin batera, haiek gogora ekartzeko ekitaldia izan da gaur eguerdian Gernika parkean. 

Ekitaldi hunkigarria izan da gaur Gernika parkean. Izan ere, lehen Gernikako arbolaren kimua zegoen lekuan Francoren 1936ko altxamendu faxistan hildako zumaiarrak oroitzeko monolitoa ezarri du udalak, eta bide batez, haiek gogora ekartzeko ekitaldia izan da. Herritarrak, hildakoen senitartekoak nahiz erakundeetako ordezkariak bildu dira bertan. 

Txistu eta danbolinaren laguntzaz senitartekoei agurra eskaini ondoren, Iñaki Ostolaza alkateak hartu du hitza. "Gerra lazgarrien ondorio bidegabe eta gordinak" aipatu ditu, hasteko. "Harri hotz bat baino ez zen izango hemen aurrean daukagun hau, izanez beteriko izen hauek bertan idatzita ez baleude. Zumaiarrak ziren guztiak. Zumaiarrak dira. Gudariak, milizianoak, borrokalariak errepublikaren balioen alde, eta euskal nazioaren fabore. Gerrak hil zituela esan ohi da, gerra zerbait inpertsonala balitz bezala, baina ez: hil egin zituzten, edota gerraren eraginen ondorioz hil ziren", azaldu du. Era berean, Ostolazak nabarmendu du erakunde publikoen betebeharra dela memoria berreskuratu eta argitara ematea. 

Memoriaren gaia lantzen udalak bi agintaldi daramatza, baina lan horretan ez dabil bakarrik, alkatearen hitzetan: "Erkibe Kultur Elkartearen eta Joseba Esnalen lana nabarmentzekoa da". Egia eta erreparazioa lortzera bidean, "memoriaren galderei" erantzutea beharrezkotzat jo du, bestetik: "Kolektiboak dira galderak. Denonak. Zor diegu, zor diogu geuru Memoriari, geure historiari eta geure Herriari. Eta Memoriaren hariak elkarri josiz bakarrik lortuko dugu egia eta erreparazioa".

Jarraian, gaurko egunez omendu duten Jesus Aizpurua Zinkunegiren arreba Arantxari luzatu dio hitza alkateak. 1921ean jaio zen haren anaia, eta mende bat beranduago agertu dira haren gorpuzkiak, duela bi urte, alegia. Tarragonan daude, eta Zumaiako Udalak hasiak ditu hura ekarri eta herrian hilobiratzeko tramiteak. Hitz hunkigarriak eskaini ditu arrebak: "Eskerrak eman nahi dizkizuet bizirik gauden eta hilda dauden senitarteko guztien partez. Nire amaren otoitzek balio izan zuten nik orain anaiaren berri izateko. Oroitu behar ditugu halakorik berriz gerta ez dadin, horixe da 90 urteko emakume honen eskakizuna". 

Aranzadiko kideek ere hitz batzuk eskaini dituzte, eta azaldu dute memoriaren ariketa horretan beti izango direla bidelagun. Gaurko ekitaldiaz gain, asteartean ere gaian sakontzeko beta hartuko dute. Izan ere, Javier Buces Aranzadiko historialariak Gerra Zibila nahiz gerraosteko errepresioa, atzeguardian emakumeen aurka eragindako errepresioa eta kanporaketak, erbestea, fusilamenduak eta desagerpenak, gerra kontseiluak eta epaiketak, ihes egindakoak eta desagertutakoak, errepresio ekonomikoa, garbiketak, atxilotuen esparruak eta errepresio lausoa izango ditu hizketagai.

Izan ere, 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak lehen frankismoko garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera. Horrez gain, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lana egin dute.

Erlazionatuak