Gabonetako kanten lehiaketa antolatu du Erkibek beste urte batez

Maria Maya Manterola 2023ko abe. 13a, 16:00

Gabon gauean izango da lehiaketa. Ordura arte eman ahal izango da izena, Batzokian, eta parte hartzeko, gutxienez lau haurreko taldeak osatu beharko dira. 

Gabon garaia geroz eta gertuago dago, eta herriko elkarte eta eragileak dagoeneko ari dira jai horien bueltan antolatutako ekitaldien prestaketa lanetan. Erkibe kultur elkarteak, esaterako, Gabonetako abestien lehiaketa antolatuko du beste urte batez. 

Abenduaren 24an izango da, Gabon gauean, 18:00etan hasita. Egun horretako 12:30ak baino lehen eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, eta ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: gutxienez, lau haurreko taldea osatzea; euskal jantziak soinean eramatea, eta jaiotza eramatea. 

Bi kanta abestu beharko dituzte gainera. Horietako bat, nahitaez, Trakatran arre, arre! izan beharko dela zehaztu du antolakuntzak, eta bigarrena, taldeak hautaturiko beste bat. Abestien sariaz gain, jantziak eta jaiotza ere sarituko dituzte.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide