Uxategiko eta Ubilloseko entsegu lokalen erabiltzaileak eguneratuko dituzte

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 16a, 11:00
Bost entsegu lokal daude Uxategian.

Entsegu lokal horiek erabili nahi dituzten talde edo musikariek abenduaren 19tik 30era bitartean eman beharko dute izena.

Zumaiako musika taldeek edo bakarlariek erabili ditzaketen zortzi entsegu lokal ditu Zumaiako Udalak. Horietatik bost Uxategian daude eta beste hirurak Ubilloseko atzealdean. Dardara musika kolektiboak kudeatzen ditu lokal horiek udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker.

Akordioaren arabera, lokalen lagapena urtero berritu behar da. Lokal hauek erabili nahi dituzten taldeek izena eman behar dute, baita gaur egun erabiltzen ari direnek ere. Lagapenak urte bateko iraupena du.

Lokalak herriko taldeentzat dira. Hala, gutxienez taldekideen erdiak Zumaian erroldatuta egon beharko dute. Kasu guztietan, erabili ahal izateko Dardara kolektiboko kide izan beharko dute taldekideek.

Interesdunek abenduaren 19tik 30era bitartean eman beharko dituzte izenak. Uxategiko lokalen kasuan, taldekide bakoitzak 50 euroko kuota ordaindu beharko du; Ubillosi dagokionez, 25 euro ordainduko dituzte aseguruarekin, eta 10 asegururik gabe. Izena ematerako orduan kuota ordaindu denaren ziurtagiria aurkeztuko da.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Izen-emate orria behar bezala beteta.
  • Taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan).
  • Lokaletan egongo den materialaren inbentarioa (argazkiekin) eta balioa.
  • Dardararen kontu korrontean kuota ordaindu izanaren agiria.