Gabonetarako egitarau bateratua prestatu dute herriko haurrentzat eta nerabeentzat

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 8a, 11:00
Donostiako Txuri Urdin izotz pista.

Helburuetako bat da Ludotekako, Gazteguneko eta Kale Heziketa programako erabiltzaileek elkar ezagutzea. Zerbitzu bakoitzak beste hainbat ekintza ere prestatu ditu neguko oporretarako.

Gabon hauetan ekintza bateratu batzuk egingo dituzte Ludotekak, Gazteguneak eta Kale Heziketa programak; zerbitzu horien erabiltzaileak diren haurrek eta nerabeek elkar ezagutzea izango da helburuetako bat.

Bi irteera egingo dituzte elkarrekin: batetik, Txuri Urdinera joango dira abenduaren 28an, eta bestetik, Iruña Salting-era joango dira abenduaren 29an. Azken irteera hori nerabeentzat izango da.

Abenduaren 28ko irteera Ludotekako LH4 eta LH6 bitarteko haurrentzat eta Gazteguneko zein Kale Heziketa programako nerabeentzat izango da. Donostiara, Txuri Urdinera joango dira, egunpasa. Ludotekako haurrentzat prezioa 9 eurokoa izango da, eta izen-ematea abenduaren 11tik 15era bitartean egongo da zabalik, Ludotekan bertan. Gazteguneko nerabeentzat sarrera doakoa izango da (bidaia soilik ordaindu beharko dute) eta izen-ematea abenduaren 12an itxiko dute.

Hurrengo egunean, abenduaren 29an, nerabeei zuzendutako irteera berezia egingo dute. Iruñara joango dira herriko nerabeak, "salto egiteko eta adrenalina deskargatzeko ohe elastikoen espazio handi batera". Gazteguneko nerabeentzat prezioa 8 eurokoa da, eta izen-ematea abenduaren 12an itxiko da.

Ekintza bereziak Ludotekan eta Gaztegunean

Ekintza bateratu horiez gain, zerbitzu bakoitzak antolatutako Gabonetako ekintza bereziak izango dira datozen asteotan: Ludoteka itxita egongo da Gabon sasoian, baina, aurrez aipatutako ekintzez gain, honako bi ekintza egingo dituzte: abenduak 17an, igandean, Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra izango da LH1-6ko haurrentzat eta euren familientzat. Izen-ematea abenduaren 14an itxiko da.

Abenduaren 26an, astelehena, berriz, Txuri Urdinera irteera (LH1-3) egingo dute. Izen-ematea abenduaren 11tik 15era bitartean egongo da zabalik, eta Ludotekako bazkideek lehentasuna izango dute. 9 euro ordaindu beharko dira.

Gaztegunean ere hainbat ekintza egingo dituzte: abenduaren 27an, asteazkena, pala txapelketa egingo dute Herri Eskolako frontoian. Urtarrilaren 2an, asteartea, volleyball txapelketa. Urtarrilaren 3an, asteazkena, jolasak eta bazkaria Gaztegunean, eta urtarrilaren 4an, osteguna, Laser Tag jarduera Donostian.

Herritik kanpoko irteeretan 24 nerabek parte hartu ahal izango dute. Ekintza bereziak ez dauden egunetan, astean zehar, arratsaldez eskainiko dute zerbitzua Gaztegunean, 16:00etatik 20:00etara.