'Baleike' aldizkariari kimua atera zaio

Gorka Eizagirre eta Juan Luis Romatet 2023ko abe. 7a, 09:55

Baleike txiki aldizkaria prestatu dute Zumaiako Herri Eskolako LH3 mailako haurrek ikasturteko lehen hiruhileko programaren barruan. Elkarrizketak, errezetak eta geologiako atala aurki daitezke, besteak beste.

Hogeita hamar urte beteko ditu Baleike aldizkariak datorren urteko ekainean. Urteurrena betetzeko sei hilabeteren faltan, espero ez zuen kimua atera zaio argitalpen beteranoari. Izan ere, Zumaiako Herri Eskolako LH3 mailako hiru geletako haurrek Baleike txiki aldizkaria prestatu dute, eta, nola ez, Baleike hedabideko kideen aurrean aurkeztu nahi izan dute.

Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko gimnasioan bildu ziren astearteko bazkalondoan maila horretako A, B eta C geletako 8 eta 9 urte bitarteko haurrak. Batzuek lurrean eserita jarraitu zuten ekitaldia, isilik; beste batzuek, berriz, urduritasuna alde batera utzi, eta aldizkari bereziaren nondik norakoak azaldu zizkieten ekitaldia adi-adi jarraitu zuten Baleikeko kazetariei. 

Maitere, Arantzazu, Marijo, Amaia eta Zuhatz irakasleen laguntzarekin prestatu dute argitalpen koloretsua. "Ikasturtearen barruan testu jakin batzuk nola landuko genituen pentsatzen jarri ginen: elkarrizketak, errezetak, bestelako testuak... Hala ari ginela, pentsatu genuen Baleike txiki bat egitea", azaldu zuten irakasleek.

Pentsatu eta egin. Asteartean erakutsitako 32 orrialdeko argitalpena da horren adibide. Hilero ateratzen den Baleike aldizkariaren gisara, Baleike txiki aldizkariak ere elkarrizketaren atala du –Herri Eskolako zuzendari Itxaso Azpeitia elkarrizketatu dute–, albisteak ditu, flyschari eta ingurumenari buruzko atala ere bai, eta abar luze bat. 

Irakasleen esanetan, ikasle guztiek parte hartu dute aldizkaria egiteko prozesuan. "Ia guztiek ekarri dituzte galdetegiak eginda etxetik. Gero, Baleike bera erabili dugu Zumaiako hitzen atala osatzeko. Algorri Interpretzio Zentroan eskaintzen den Zumaia ezagutzen programan ere parte hartu dute, eta hori guztia erabili dute Baleike txiki hau egiteko". Prozesua polita izan dela onartu zuten ikasleek zein irakasleek. 

Aldizkaria egiteko prozesuak hilabete eta erdi iraun duela azaldu zuen haurretako batek. Lanketa gogokoena ea zein izan den galdetuta, ia denek flyscharen atala izan dela onartu zuten. Irakasleek azaldu zutenez, aldizkarirako labarren erreplika bat egin dute kartoia, plastilina eta pintura erabilita. Ez da falta San Telmo ermitarik, ezta flyscharen inguruko informaziorik ere. Sagarbideko eraikinaren sarreran ikus daiteke hori.

Azala, berriz, Estazio auzoaren eraberritzeari eskaini diote (barruan posterra ere badarama). Herri Eskolako ikasleek auzo "berdeagoa eta dibertigarriagoa" irudikatu dute, eta beraien proposamenean ez dira falta zoologikoa, museoa edo haur parkea. Haur horien irudimena ez dezala ezerk geratu.