Janire Gonzalez Etxebarrik Munduko Txapelketa lehiatuko du

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 5a, 18:41

Janire Gonzalez Etxebarri, joan den astean jokatutako junior mailako Munduko Txapelketan (ISA Surf)

Puerto Ricon jokatuko dute datorren urteko otsailaren 22tik martxoaren 2ra eta bertan banatuko dituzte Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko azken txartelak. Surfari zumaiarrak junior mailakoa ere jokatu berri du eta final laurdenetan kanporatu dute.

Urola Kosta eskualdeko ordezkaritza bikoitza izango du Espainiako Surf Selekzioak otsailaren 22tik martxoaren 2ra Puerto Ricon lehiatuko diren Munduko Txapelketan; izan ere, Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez Etxebarri zumaiarra deitu dituzte. Bi surflariak ahalik eta postu onena eskuratzen ahaleginduko dira, lehenengo sailkatuek Parisko Olinpiar Jokoetarako azken txartelak ere lortuko baitituzte.

Surflari zumaiarrari lotuta, junior mailako Munduko Txapelketan lehiatu berri da Brasilen, joan den astean aritu zen bertan, eta, lan txukuna egin zuen finalaurrekoen atarian kanporatu baitzuten. Hirugarren sailkatu zen final laurdenetako kanporaketan, eta ondorioz, ezin izan zuen aurrera egin. Orain, txapelketa nagusia jokatzeko ere hautatu dute, esan bezala.