GUTUNA

Segi dezagun 78ko erregimena pitzatzen, segi dezagun Euskal Herria eraikitzen

Zumaiako Ernai, Sortu eta LAB 2023ko abe. 6a, 10:38
Euskal Herria, Europan.

Sortzetik beretik zilegitasunik gabea izan zen Espainiako Konstituzioa Euskal Herrian, gaurko egunez inposatzen zaigun jaiegunaren atzean dagoena. Izan ere, ez da ahaztu behar Hego Euskal Herriak hasieratik eman ziola bizkarra konstituzioari, eta %34k baino ez zutela haren alde egin. Frankok dena "lotuta, eta ondo lotuta" utzi ondoren, erregimen frankistak bere aurpegia zuritzeko baliatu zuen konstituzioa, eta herrien autodeterminazio eskubidearen ukazioan eta elite ekonomikoen nagusigoan oinarritu zen prozesu horretatik eratorritako 78ko erregimena, gaurdaino iraun duena.

Erregimen hori ahultasun zantzu nabarmenak erakusten ari da aspaldian, ordea, eta, pixkanaka, arrakalatzen ari dira erregimena sostengatzen dutenen arteko kontsentsuak. Arrakalatzen, hain justu, erregimenak sortzetik beretik izan duen ezaugarri behinena dela eta: inposizioa eta nazio zapalduen eskubideen ukazioa. Hala, erregimenaren degradazio-aren eta Espainiako proiektu nazionalaren ahultasunaren erakusle dira Madrilen eta Es-painiako beste hainbat lekutan azken asteetan, gobernuaren eraketa dela eta, izan diren protestak, eskuin muturrak gidatuak. Baita, halaber, Espainiako Estatuko hainbat esta-mentuk izan duten jarrera ere. Aztoratuta dabiltza erregimenaren zutabe izan direnetako batzuk: frankismoaren oinordeko politikoak, Guardia Zibila, armada, epaileak, patronala, Eliza…

Ezkerreko independentistoi badagokigu zauri horietan behatza gehiago sartzea, 78ko erregimenaren arrakalak handitzen jarraitzea, aukera daukagun leku guztietan. Baina, horrekin batera, Euskal Herrian bertan desio eta merezi dugun herri duina eraikitzea dagokigu, inoren esperoan egon gabe. Askotan esan izan dugun bezala, hemen posible da bide bat egitea Espainian eta Frantzian posible ez dena, eta horretarako bermea da herri hau eraikitzen egunero txinaurri lanean ari diren milaka lagunen ekina.

Urrutira joan gabe, herri honen norabidearen eta anbizioaren erakusle izaten ari da aurtengo udazkena: euskara jasaten ari den oldarraldiari erantzuteko manifestazio erraldoia; Palestinarekiko elkartasun oldea; zerbitzu publiko duinen aldeko mobilizazioak; nazioa garela aldarrikatzeko manifestazio jendetsua; historiako lehenengo Greba Feminista Orokorra, zer eta zaintza, bizitza sostengatzen duen hori, agendaren erdigunera ekarri eta haren antolaketa soziala iraultzeko asmoz…

Izango da horien guztien artean inolako haririk ikusten ez duenik, unean uneko testuingu-ruaren araberako erantzun isolatu moduan ulertzen dituenik. Gu, aldiz, konbentzituta gaude gure herriaren gehiengoaren borondatearen adierazpideak direla, eta garrantzia ematen diegu horien atzean dauden balioei: elkartasuna, bizitza duinaren aldeko defentsa, eskubide kolektiboak indibidualen gainetik jartzeko determinazioa eta geroz eta buruja-betza maila handiagoa izateko gogoa.

Balio horien gainean, herri bizi eta duin bat eraikitzen ari gara milaka lagun hemen, jakinik geldirik egotea, gure herrian, atzera egitea dela, eta gure herria egunero desegiteko makineria oso bat martxan dagoela. Jarrai dezagun, beraz, gurean: egunero desio dugun herri duin hori eraikitzen, eta, aldi berean, gure eskubideen kartzela den 78ko erregimena pitzatzen; biharko Euskal Errepublika gaurdanik eraikitzen.