Pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 5a, 08:00
Pasa den asteazkenean egin zen plenoko irudia. (Zumaiako pentsiodunen mugimendua)

Pentsiodunen mugimenduak erregistratutako mozioa aztertu zuen orain astebete egin zen azaroko ezohiko plenoak. Gutxieneko pentsioak 1.080 eurotan ezartzeko pausoak ematea eskatu diote pentsiodunek udalari.

Gutxieneko pentsioak 1.080 eurotan ezartzea pentsiodunen azken urteetako borroketako bat da. Hori eskatzen duen proposamena edo mozioa erregistratu zuen Zumaiako pentsiodunen mugimenduak azaroko plenoan aztertu zezan. Baiezkoa atereaz gero, erabakia Eusko Jaurlaritzara eta Eusko Legebiltzarrera trasladatzea ere eskatzen zuen mozioak.

Pasa den asteazkenean egin zen udalbatzak aztertu eta bozkatu zuen proposamena. Eskaera aurrera atera zen EH Bilduren aldeko botoekin (bederatzi zinegotzi); EAJ (sei) eta PSE-EE (bat), aldiz, abstenitu egin ziren. 

Nahiz eta pentsioak kopuru horretara heltzearen alde egon, EAJren udal taldearen abstentzioa arrazoitzeko gogoratu zuen estatuaren eskumena dela pentsioak egokitzea. "Kotizazioak Estatuko Gizarte Segurantzaren Kutxara egiten dira. Gizarte Segurantza da egokitzapenak gauzatu behar dituena, eta hori estatuaren eskumena da".